Erroldaren %37k eman zuen iritzia domekako galdeketan

Anboto 2012ko urt. 12a, 08:37

Hamasei urtetik gorako 167 mañariarrek hartu zuten galdeketan parte

Hamasei urtetik gorako 167 mañariarrek hartu zuten galdeketan parte.

 

Udal gobernuaren berbetan, hainbat fasetan garatzea gura duten Irisgarritasun Plana nondik nora garatu zehazteko “gida” moduan erabiliko dituzte domekako herri-galdeketaren emaitzak. Hamasei urtetik gorako mañariarren %37k (167 herritarrek) eman  zuten urtarrilaren 8an euren iritzia, irisgarritasunagaz lotuta, udalak proposatutako hainbat aukerari buruz.

 

Zaborra eta irisgarritasuna

Herrian zabor bilketa guneak zelan kokatu erabakitzeko, aukera bi aurkeztu zizkien udalak herritarrei. Endika Jaio Bilduko alkateak azaldu duenez, aukera biek jasotako bozka kopurua antzekoa izanik, “gai horri dagokionez ez dago joera argi bat”.

 

Hilerrirako sarbideari eta irigarritasunari buruz, aldiz, bi bider bozka gehiago jaso zituen aukeretako batek: eskailerak eta arrapala, biak eraikitzea aurrikusten duen proposamenak.

 

Horrelako prozesu bat martxan ipini duten lehenengo aldia izanik, “parte-hartzeagaz oso pozik” agertu da udal gobernua, eta galdeketaren aurretik etxez etxe egin zituzten batzarretan 90 lagunek parte hartu zutela nabarmendu dute, besteak beste.

 

Batez ere hirigintza gaietan udalaren lehentasunak zeintzuk izan behar diren zehazteko domekakoa lako herri-galdeketak baliatuko dituztela aurreratu du Bilduren gobernuak: Plan Orokorra berrikusteko, esaterako. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!