Irisgarritasun plana martxan jarri aurretik herritarren iritzia jasoko du Mañariko Udalak domekan herri galdeketa bidez.
Domeka honetan, urtarrilaren 8an, herri galdeketa egingo dute Mañarian. Udalak irisgarritasun plana garatu gura du, eta horretarako, etxez-etxe ibili dira planaren gaineko azalpenak ematen. "Asko izan dira portaletan egin diren batzarretara hurreratu diren auzokideak, eta batzar zabalak ere egin dira herrian", azaldu dute Bilduk bidalitako prentsa oharrean.
Irisgarritasun planak Mañariara ekarriko dituen abantailak herritarren artean zabaltzea izan da udalaren helburua; "izan ere, askotan, irisgarritasun plana berba potoloaren atzean dagoenaren gaineko zehaztasunak falta izaten dira", azaldu dute.
Mañariako herritarrek postontzian jaso dituzte boto-paperak eta planaren gaineko informazio idatzia. Bertan dago azalduta zeintzuk diren bozkatzeko aukerak, eta bozka bakoitzak ekarriko dituen aldaketak.
Irisgarritasun plana lau fasetan egitea da asmoa, baina Udaletik diote faseak aldatu egin daitezkeela herritarrek bozkatzen dutenaren arabera. "Domekan, beraz, herritarrek aukera itzela izango dute euren lehentasunak zeintzuk diren argitzeko".
Ez gaudela halako ekimenetara "ohituta", baina herritarren ahotsa entzuteko eta haien beharrei kasu egiteko "pausu garrantzitsua da Mañarian eman dutena, dudarik barik", jakitera eman dute Bildutik. Irisgarritasun plan horretan, kaleak, liburutegia, eraikuntza publikoak… moldatuko dituzte "inork ez dezan oztopo arkitektonikorik izan Mañarian eroso bizitzeko".