Zaratamoztarrak gazteetan eta errioxarrak kadeteetan irabazi zituzten Mañariko finalak.
Mañariko pilotalekuan jokatutako 26. Cafés Baqué Txapelketako finaletan Danel Elezkanok eta Dario Gómezek jantzi zituzten gazte eta kadete mailetako txapelak.
Danel Elezkanok Olazar pilota txapelketako finalera sailkatzeko faborito argia zergatik den erakutsi zuen gazte mailako finalean. Ikaragarrizko jokoa erakutsiz, 22-4 xehatu zuen Astigarragako Santxez. Ahalegindu zen Santxez, baina alde batetik bestera korrika ibiltzea egokitu zitzaion. Elezkano II.a kadeteetan zein gazteetan txapela jantzi duen pilotari bakarretakoa da. Aurretik Zabala, Urberuaga eta Arrietak bakarrik lortu dute hori.
Kadeteetan Gomezek 18-13 menderatu zuen Arrankudiagako Ibarrondo. Partida lehiatua jokatu ondoren, errioxarra nagusitu zen.