Mañariko Kirikiño abesbatza onena habanerak kantatzen

Anboto 2007ko uzt. 5a, 12:17

Burgosko Miranda de Ebro herrian antolatu duten abesbatzen txapelketa batean irabazle suertatu da Mañariko Kirikiño abesbatza

Burgosko Miranda de Ebro herrian antolatu duten abesbatzen txapelketa batean irabazle suertatu da Mañariko Kirikiño abesbatza.



Ekaineko hiru asteburutan kantari aritu diren zortzi abesbatzen artean gailendu dira, beraz, Mañariko 16 emakumeen ahots zuriak eta abestiak.

Granada eta Alacanteko abesbatzekin zein Bizkaiko eta Gipuzkoako beste batzuekin lehiatu ondoren irabazita, 3.000 euro jaso dituzte sari moduan.

Bost abesti kantatu behar izan dituzte Miranda de Ebroko Kultur Etxean ospatutako lehiaketan, ezelako instrumenturen laguntzarik barik; hiru habanera –Miranda izenekoa, Javier Bustoren A tu lado eta El abanico deiturikoa-, obra polifoniko bat eta aukera libreko beste abesti bat bukatzeko.
Mañariko korua osatzen dutenentzako urte askotako lanaren errekonozimendua izan da –diruaz aparte– sari horrek eman diena. Taldean kantatzen 22 urte daramatzaten lagunentzako zein geroago sartu diren gazteagoentzako, guztiendako izan da egindako lanaren laudorio Miranda de Ebrokoa, eta poz handiarekin hartu dute kantari guztiek. Kantari horietako batzuek hasiera-hasieratik dihardute ahotsa ahuldu barik eta amore eman barik lanean, baina lehen aldia dute halako sari bat irabazten.

Igarotako sariketaren ondoren oporrak hartu dituzte abesbatzan, baina esan digutenez, sari honek lan egiten segitzeko indarra eta ilusioa ere eman die Habaneren Lehiaketan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!