Zubiondo jatetxeko eraikinaren goiko pisuak su hartu zuen

Anboto 2007ko urt. 26a, 11:19

Oraindik zehaztuta ez dauden arrazoiak medio, Zubiondo jatetxea kokaturik dagoen eraikinaren goiko pisuak (Kirikiño kalean) su hartu zuen astelehen gauean. Hango bizilagunak garaiz irten ziren, eta ez zen zauriturik gertatu.

Oraindik zehaztuta ez dauden arrazoiak medio, Zubiondo jatetxea kokaturik dagoen eraikinaren goiko pisuak (Kirikiño kalean) su hartu zuen astelehen gauean. Hango bizilagunak garaiz irten ziren, eta ez zen zauriturik gertatu. Goiko pisua eta teilatua guztiz kiskalita daude. Beheko pisuak eta lehenengoak ez zuten surik hartu, baina azken pisuko zorua ere egora txarrean geratu zen.

Inguruko bizilagun batek kontatu digunez, “23:00ak inguruan zartatu baten antzeko hots gogorra entzun genuen, baina ez genion garrantzirik eman. Gerotxoago, bizilagunek ohartarazita, leihora irten, eta su itzela ikusi genuen”.

Su-hiltzaileak 23:15ean irten ziren sutea zegoen lekurantz. Iurretako su-hiltzaile taldea ez ezik, Markinako eta Basauriko talde bana ere joan ziren Mañarira. Sua guztiz itzaltzeko eta segurtasuna bermatzeko, ordu luzeak behar izan zituzten. Su-hiltzaileen Bilboko egoitzako arduradunen esanetan, “goizaldeko 3:13an itzuli ziren”; beraz, gutxi gorabehera, lau ordu egin zituzten kanpoan.

Kalterik handienak azkenengo pisuak eta teilatuak jasan dituzte, kiskalduta geratu ziren-eta.
Su-hiltzaileen jardunaren ondorioz, berriz, beheragoko pisuak urez beteta geratu ziren.
Eraikina bide bazterrean dagoenez, Ertzaintzak zonaldea prezintatu eta balizatu egin zuen, eta oraindik, Gasteizerako noranzkoak, hogei bat metroan, prezintatuta jarraitzen du. Segurtasun neurri moduan, egun batzuetan, horrela utziko dutela azaldu zuen Ertzaintzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!