Zelan sortu zen Mallabiko Mendizaleak taldea?
Koldo Zabala: Herriko frontoia eta gimnasioa kudeatzen ditut, eta kirol eskaintza berri bat eskaini gura nuen. Oso gustuko dut mendia, eta Juan Carlosegaz hartu-emana banuenez, talde bat sortzea proposatu nion. Nik ez, baina berak Mallabiko hainbat ibilbide ezagutzen du, eta hilean behin irteera bat antolatu genezakeela pentsatu nuen.
Juan Carlos Perez: Hala da. Orain urte bi erretiratu nintzenean, Ermuko Atarri mendi taldera batu nintzen. Eta denboratxo batera, Mallabian hainbat ibilbide egiten hasi nintzen, neure kabuz. Benetako paradisua da mendi-ibiliak egiteko. Bada, oso erraz ipini ginen ados, eta elkarregaz ibilbide batzuk antolatzen hasi ginen. Bitxia da, baina mallabitar askok ez dituzte ezagutzen herrian dauden leku asko. Eta badaude batzuk benetan zoragarriak direnak.
Beraz, Mallabiko altxorrak ezagutzeko aukera ematea da helburua.
J.C.P: Bai. Egia esanda, antolatu genuen lehenengo ibilaldia Deba-Zumaia izan zen; jende asko animatu zen, gainera. Hala ere, herrian bertan dauden ibilbideekin hastea da asmoa, Mallabiko mendi eta txokoak ezagutzea. Geroago, inguruko herri eta mendietara zabalduko ditugu irteerak.
K.Z.: Behin Mallabia ezagututa, gainonerako herriak konkistatuko ditugu.
Zuena ez da mendi elkartea.
K.Z.: Ez. Guk ibilaldiak proposatzen ditugu. Karteletan ezaugarriak, desnibel maila, kilometroak... zehazten ditugu. Parte hartu gura duenak 669 028 718 whatsapp telefono zenbakian eman dezake izena.
J.C.P.: Hilean behin umeekin familian joateko irteera bat antolatzen dugu. Eurentzat jolasak eta erronkak prestatzen ditugu. Umeen artean mendizaletasuna bultzatzea garrantzitsua dela deritzogu. Dena dela, prestatutako ibilbidea luzatzeko aukera ere eskaintzen dugu, umeekin ez doazenei begira. Orain, neguan, etentxo bat egingo dugu.
Pozik zaudete izandako harreragaz?
J.C.P.: Oso pozik! 20 bat lagun elkartzen gara normalean. Eta Gereako ur-jauzietara egindako irteerara 43 lagun animatu ziren.
K.Z.: Espero baino jende gehiago animatu da eta pozik gaude.
Mallabitarrentzako taldea da?
J.C.P.: Ez. Etorri gura duenari zabalik dago. Ez da federatu behar, eta izena ematea doan da.
Orain 35 urte, Arietzu mendi taldea sortu zen eta orain urte batzuk desagertu. Testigua hartu duzue?
J.C.P.: Neurri batean baietz esan liteke. Arietzu mendi taldea sortu zutenetariko batzuk Mallabiko Mendizaleak taldekoak dira. Orduango umeak guk antolatzen ditugun irteeretara animatu diren helduak dira.
Beti izan duzue zaletasuna?
J.C.P.: Areto futbolagaz izan dut lotura beti, baina pandemia garaian konturatu nintzen ibilaldiak egiteko aukera asko zegoela Mallabian. Orduan hasi nintzen ibiltzen eta mendia ezagutzen.
K.Z.: Beti gustatu zait, gurasoekin ere asko joaten ginen. Gero, bizikletan hasi nintzen eta biak uztartu ditut.
|
MOTZEAN Mallabiko txoko bat? Mendi bat? Zer da mendia? Mendian beharrezkoa da... |