"Jaietako pregoia irakurtzea gure lanari egindako aitortza legez hartu dugu"

Aritz Maldonado 2026ko abuztuaren 3a

Joskinak, ikasturteko azken saioan. Joskinak, azokan.

ANBOTOk joskintza ikasturteko azkeneko saioa amaitzear dela harrapatu ditu Maria Jose Ramos Garcia, Maria Angeles Carrillo Lopez, Eneritz Uberuaga Aranburu eta Naia Unamuno Mirandona. Hirugarren ikasturtea dute Mallabian, Berbalagun ekimenaren barruko joskintza tailerrean, eta aurtengo ikasturteagaz bereziki pozik daudela nabarmendu dute. Azokan proiektua jendaurrean ezagutarazteaz gainera, Korrika igaro zenean ere parte hartu zuten, petoak josten. Horrez gainera, aurtengo Andra Mari jaiei hasiera emateko pregoia irakurriko dute.

Pozik zaudete pregoia irakurtzeko proposamenagaz?
Naia Unamuno Mirandona:
Pentsatu ere ez genuen egin inoiz horrelakorik proposatuko zigutenik. Eta, beharbada, azokan parte hartuko ez bagenu ez ziguten proposamena egingo. Aurten hainbat erakusleihotan egon gara, eta hor ikusiko gintuzten.
Eneritz Uberuaga Aranburu: Berbalaguneko talderik mediatikoena bihurtu gara! (barrez).

Pentsatu duzue zer esan?
Maria Angeles Carrillo Lopez: Sekretua da!
Mari Jose Ramos Garcia: Zeozer bai, berba egin dugu apur bat horri buruz. Taldea zer den eta gure oinarriak zeintzuk diren azalduko dugu; arroparen berrerabilerari buruz berba egingo dugu, bizi berri bat emateaz, euskarari ere bizi berri bat ematen diogun moduan.
M. A. C. L.: Jaiez gozatzeko mezua ere zabalduko dugu!

Modu borobila izango da ikasturtea borobiltzeko. 
N. U. M.: Hala da. Eta gure taldea ezagutarazteko ere bai. Aitortza bat da egiten dugun ekarpenari, baina taldera jende gehiago erakartzeko aukera ere bada. 

Zer dela eta ekin zenioten joskintza taldeari?
M. J. R. G.: Berbalagunetara joaten nintzen, eta ekintza berriak proposatzeko esan zigutenean joskintza proposatzea pentsatu nuen.
N. U. M.: Astelehenero batzen gara hemen eta bi orduz josten egoten gara euskaraz berba egiten dugun bitartean. 
E. U. A.: Denontzat onuragarria da. Mari Josek josten daki eta guri erakusten digu, eta euskaraz berba egiterakoan elkarri laguntzen diogu. 
N. U. M.: Taldeak gu elkartzeko ere balio izan du. Batzuok elkar ezagutzen dugu, eskolatik, edo seme-alabak adin beretsukoak ditugulako, baina beste batzuok ez. Belaunaldi desberdinetako jendea gaude, eta honek aukera eman du beste hartu-eman batzuk sortzeko. 
M. J. R. G.: Euskarara beste leku batetik hurbiltzeko aukera bat ere bada. Eta, aisialdiagaz lotura duenez, lanagaz beharrean, beste modu batekoa da hartu-emana. Lantokietan ere badago euskara egunerokotasunean, baina modu informal batean sorturiko aukera da hau. 
N. U. M.: Bestalde, euskaraz berba egiteaz gainera, taldearen helburuetariko bat arropen berrerabilpena bultzatzea da. Normalean ez dugu oihalik erosten, etxean ditugunak erabiltzen ditugu beti.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!