Mallabiko hainbat enpresa haserre Ermuko Udalak ezarritako debekuagaz

M.Z. 2026ko uztailaren 10a

Goitondo industriguneko argazki bat.

Mallabitik gertu, Ermuan hain zuzen ere, urteetako arazoa dago trafiko astunen joan-etorriagaitik. Herri erditik igarotzen den trafikoa herritarren kezka iturri da, eta bertan saihesbidea egitea eskari historikoa.

Saihesbidea egiteko proiektuak fase bi ditu: hegoaldeko fasea eta mendebaldeko fasea. Lehenengoa amaituta dago, 2018tik dago erabilgarri, eta bigarrena oraindino egin barik dago. Bigarren honek zuzen-zuzenean eragiten dio Mallabiko industrialdeei, zerbitzua emango baitie Urtia eta Goitondoko enpresei. Urtiako bidearen proiektua, esaterako, urtarril amaieran aztertu zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak, eta, jakinarazi zuenez, lanak urte amaieran hasi eta 36 hilabetean gauzatzea aurreikusten dute.

Lanok egin bitartean, eta herriguneko trafikoa murrizteko asmoz, Ermuko Udalak indarrean sartzear dauden zenbait debeku ezarri ditu. Alde batetik, Ermutik Urtiarako bidea 24 orduz itxi dute trafiko astunarentzat, eta, bestetik, ibilgailu astunek debekua izango dute Goitondorako bidean 22:00etatik 08:00etara. 

Debeku hauen aurrean, Mallabiko Udalak eta hamabost bat enpresak euren haserrea agertu eta alegazioak sartu zituzten orain aste batzuk. Ermuko Udalak atzera bota zituen alegazio horiek. Igor Agirre Mallabiko alkateak ANBOTOri jakinarazi dioenez, enpresa horietatik hiruk berriro ere alegazioa sartu dute orain, eta berraztertze-erreskurtso fasean dago. Ermuko Udalak errekurtsoak berriro atzera botako balitu, enpresa hauek epaitegira jotzeko aukera izango lukete. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!