"Amorruaz gainera, beste afektu batzuk agertzea nahi nuen liburuan: poza eta alaitasun momentuak"

Joseba Derteano 2026ko ekainaren 26a

Ekainaren 28ko LGBTI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna gertu dela, Danele Sarriugarte Mochales idazle eta itzultzaileak (Elgoibar, 1989) bizitzeko eta mundua ulertzeko beste bide batzuez berba egin digu. Joan zen barikuan, iaz argitaratutako beste zerbait liburua aurkeztu zuen Mallabian, Miren Artetxe eta Oihana Arana bertsolariek lagunduta. Heteronormatibitatea auzitan ipintzen du, bizitzeko beste modu batzuk irudikatuta, ahots eta erregistro desberdinen bitartez.

J. Martinaren kanta batetik hartutako berbek eman diote izenburua eleberriari. Zer dio kanta horren letrak eta zer aurkitu duzu bertan?
Kantako estribilloa da, eta honela dio: Baina nik badaukat/ beste zerbait/ argitzen dit gogoa/ zorroztu ere bai/ eta ikusten dut banaizela/ miseriatik at bizitzeko gai. Estribillo horrek indar handiko ideia bat biltzen du, eta hortik garatu da, neurri handi batean, liburu osoaren ideia. Erakusten du badagoela ezarritako horretatik, jaso eta sinesten dugunetik harago zerbait; beti dagoela hirugarren edo laugarren bide bat topatzeko aukera. Kantaren letran miseria aipatzen da, eta agian, lehen kolpean, miseria ekonomiko edo soziala etor daiteke gogora. Nik hortik harago, nolabait, bizitza heteronormatutik haragoko bizimoduen aldeko aldarri moduko bat egin nahi nuen. Ez dakit aldarri bat den, baina bai beste aukera batzuk badaudela erakutsi: beste modu batera bizitzeko aukera, ez bakarrik maila sozialean, baita harremanetan ere. Alde horretatik, hirugarren edo laugarren bide horri egiten dio erreferentzia. Gainera, uste dut liburuak baduela beste alderdi bat ere: literaturan gauzak ez direla zertan beti modu bakarrean egin, modu askotan egin daitezkeela eta nobela batek berak ere beste zerbait izan dezakeela.

Liburuaren aurkezpenean aipatu zenuen zure aurreko liburu bien aldean beste pauso bat emango zuela. Non ikusten da pauso hori?
Hainbat gauzatan eman nahi nuen pauso bat. Lehenengo liburuan oso ahots indartsu batek gidatzen zuen narrazioa. Bigarren liburuan perspektiba bat baino gehiago agertzea nahi nuen, eta hori lortzeko pertsonaiak sortu nituen. Liburu berrian perspektiba anitzak erabili ditut berriro, baina neureago sentitzen dudan modu batean, ahotsak ugarituz; hau da, pertsonaiak sortu beharrean, ahots beraren hainbat erregistro baliatuz. Nabarmendu nahi nukeen beste alderdi bat honako hau da: lehen liburuko ahotsaren barruan, oso presente zegoen afektu bat amorruarena zen eta liburu honetan beste afektu batzuk agertzea nahi nuen: poza eta alaitasun momentuak, esaterako. Liburu hartatik honetara 11 urte joan dira eta beste momentu batean nago. Azken batean, liburuak eta bestelako kultur lan bakoitzak bere momentuan kontatzeko dituen gauzak sortzen ditu. Orduan, hasteko eta behin, bazegoen gauza bat presente zegoena nigan, baina aldi berean bazen nahita landu nahi nuen zerbait ere; gauza ederrago edo alaiagoei ere lekua egin nahi nien, sentitzen nituelako, eta, gainera, inportantea iruditzen zitzaidalako horiek ere islatzea. Liburuari oreka bat ematen diote eta nire proiektuarekin zintzoago sentiarazten ninduen.

Eta aurreko lanetatik zer mantentzen da? Zeintzuk elementu egingo zaizkio ezagun irakurleari?
Hizkuntzarekiko zehaztasunaren, zorroztasunaren eta aldi berean edertasunaren bilaketa hori hiru liburuetan dago. Nire idazketan oso presente dagoen ezaugarria da. Horrez gainera, lehenengo liburuari buruz esan dudan bezala, amorrua da afektu nagusietako bat, eta uste dut horrek ere bere horretan jarraitzen duela. Nolabait, haserretzen gaituen horren aurrean tresna gisa erabiltzeko modu bat da idazketa, eta hori ere hiru liburuetan mantentzen dela esango nuke: hizkuntzaren lanketa eta idazketaren eta amorruaren arteko lotura.

Zein da liburuaren sinopsia?
Liburuak, azken batean, ibilbide bati jarraitzen dio. Nolabait, subjektibitate baten eraikuntza kontatzen du: ahots bat hainbat erregistrotan agertzen da, eta haurtzaro-nerabezarotik heldutasunera doan bidea egiten du. Ibilbide horretan, egitura sozialek garrantzi handia dute, hala nola eskolak, bikote-harremanek edo kuadrillak. Horien inguruko pasadizoak, hausnarketak eta askotariko materialak biltzen ditu liburuak. Horrez gain, kultur munduan bizitako esperientzien inguruko kontaketa ere badago. Nire ustez, ibilbide hori askapen edo ezagutza-prozesu bat da neurri batean: kanpotik datorrenarekin eta norberak aukeratu ez duenarekin negoziazio ariketa bat, eta, aldi berean, horretatik ahalik eta askeen izateko ahalegina.

Ahots, tonu eta genero desberdinak nahasten dira liburuan. Horrek joko edo askatasun handiagoa eman dizu idazterakoan?

Bai. Azken batean, nik ez nuen erabaki horrela idatziko nuela liburua. Era askotako testuak nituen eta abiapuntu bat hori zen. Horrela izan ez balitz, ez dut uste liburua osatuko nuenik. Urte hauetan nahikotxo idatzi dut, baina oso gauza desberdinetan aritu naiz, eta tarteka. Ez dut izan idazketa errutina bat; hau da, egunero ez dakit zenbat ordu honi eskaintzen. Orduan, tarteka egindako idazketa bat izan da eta gero hori dena elkartu, landu eta fintzea lan sistematikoago bat izan da liburua osatu arte. Beraz, askatasuna eman baino gehiago, horrela idazteak liburua osatzea ahalbidetu didala esango nuke. Hauxe zen momentu honetan idatzi nahi nuen liburua, baina baita idatzi nezakeen liburua ere.

Beste pertsonaia batzuen lekukotzak ere txertatu dituzu. Zer eman diote liburuari?
Lekukotasunaren generoa interesgarria iruditu zitzaidan, batez ere oso erregistro informala erabiltzeko aukera ematen zielako, konfiantzazko giro batean. Esparru egokia iruditu zitzaidan esperientzia mingarri batzuk kontatzeko, gauza horiek arintasun handiagoz kontatzeko aukera ematen baitzuen. Istorio moduan kontatuz gero, agian pisu handiagoa hartuko zuketen; lekukotasunak, ordea, beste naturaltasun bat eskaintzen zidan. Gainera, heterodizidentziaren barruan, gaur egun herrietan LGTBI diagnostikoak egiten eta testigantzak biltzen ari direnez, genealogia hori ere niretzat hartzen dut, eta neurri batean hortik ere edaten du liburuak.

Ia liburu osoa letra xeheagaz idatzi duzu. Zer bilatzen zenuen horregaz?
Bai, batez ere zati literarioenetan erabili dut, saiakeratik gertuago dauden testuetan baino gehiago. Azken kasu horiek, nolabait esateko, “normal” idatzita daude. Niretzat, letra xehez idazteak askatasun eta lasaitasun moduko bat ematen zien pasarte horiei; bisualki ere badirudi tonu bat jaisten diela. Askotan galdetu didate ea horren atzean teorizazio jakin bat dagoen, eta egia da ez naizela letra xehez idazten duen lehena: hainbat feministak ere beren izen-abizenak horrela idazten dituzte, eta horrek badu esanahi inportanteago bat. Nire kasuan, ordea, ezin dut ukatu batez ere erlaxatu egiten ninduela eta errazago idazten nuela letra xehez.

Bestetik, itzultzailea eta zuzentzailea naiz, eta hizkuntza arautuan askotan sartzen naiz. Horrek ere erakutsi dit hizkuntza arautzen duten ortografia-arau asko ausazkoak direla. Eta esaldi bat letra xehez edo larriz idatzita egon, komunikazioa ez da ia oztopatzen, eta irakurleak berdin ulertzen du. Ikasketetan alemana ikasi nuen eta alemanez izen arruntak ere letra larriz idazten dira esaldiaren barruan. Orduan, banuen ausazkotasun horren kontzientzia. Horregatik, liburu batek arauak zalantzan jartzeko aukera eskaintzen duenez, horrekin jolasteko modu bat ere bada. Dena den, hori bigarren mailako arrazoia da niretzat. Lehenengo eta garrantzitsuena tonuari lotuta dago: egunerokotasunaz ari diren testuak direnez, letra xehez idaztea apaltasun-keinu moduko bat da niretzat, oktaba bat baxuago kantatzea bezala. 

Zer espero duzu irakurleak aurkitzea zure liburuan?
Ba, ez dakit, egia esan. Kontatuko dizut orain arte jaso dudan feedbacka: parte bat espero nezakeena zen, liburuarekin lotura sentitu duen jendearena, identifikatu direnak hainbat motiborengatik. Hori niretzat oso pozgarria da. Hemen kontatzen diren gauzek oihartzun zabalagoak sortu ditzaketela uste dut, elkarrizketak elikatu ditzaketela. Baina kontrako iritzia ere jaso dut, deserosoa egin zaion jendearena. Hori ere eskertzekoa da, esan nahi duelako liburuak ez dituela indiferente utzi. Zerbait ukitzen baldin badu, niretzat opari handia da.


'beste zerbait' eleberriaren aurkezpena Mallabian. Arana eta Artetxe bertsotan aritu ziren, eta Sarriugarte gai-jartzaile. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!