Irazu Aranburu, Maialen Artiach, Ander Jauregi eta Zutoia Odriozola nagusi 7 Pago lasterketan

Maialen Zuazubiskar 2026ko maiatzaren 23a

Durangaldeko Kopako lehenengo lasterketa jokatu da gaur goizean Mallabian 7 Pago mendi lasterketa. Proba luzean Irazu Aranburu mallabiarra eta Maialen Artiach elorriarra izan dira nagusi. Lasterketa laburrean, berriz, Ander Jauregi durangarra eta Zutoia Odriozola elorriarra.

Bero izugarria horixe izan dute gaur goizean Mallabiko 7 Pago mendi lasterketan parte hartu duten 425 korrikalariek. Parte hartzea izugarria izan da, 425 lagunek parte hartu dute; 200 korrikalaria egon dira lasterketa luzean eta 225 lasterketa laburrean. Emakumezkoen parte hartzea ere izugarri hasi da, parte hartzaileen %23 emakumezkoak izan dira, eta antolatzaileak oso pozik agertu dira. 

Irabazleei dagokienez, lasterketa luzean, faborito nagusiak etxeko korrikalariak ez du hutsik egin. Irazu Aranburu jaun eta jabe izan da hasiera hasieratik. Eta gainera, berak ezarrita zuen errekorra hautsi du. 25 kilometroko ibilbidea egiteko 2:13:42ko denbora behar izan du. Bigarren ere mallabiar bat helmugaratu da, Iñigo Pradera. Eta hirugarren, Xabat Manzisidor. 

Emakumezkoetan Maialen Artiach elorriarrak nagusitasunez irabazi du, bigarren Oihane Unzalu helmugaratu da eta hirugarren Olatz Salaberria. 

Lasterketa laburrean ere, gizonezkoetan, garaileak lasterketako errekorra hautsi du. Ander Jauregi durangarrak lortu du garaipena, Iker Etxebarriaren eta Aitor Gonzalezen aurretik. Emakumezkoetan, Zutoia Odriozola elorriarrak lortu du garaipena Izaro Zamalloa eta Oihane Alonsoren aurretik. 

Kopako liderrak
Durangaldeko Kopako liderrei dagokionez, gaurko irabazleak dira lehenengo liderrak. Sugaar kopan Zutoia Odriozola eta Ander Jauregi; eta Mari kopan Irazu Aranburu eta Maialen Artiach.

Kopako argazkiak
Beste urte batez, ANBOTO Durangaldeko Kopako babesle da eta asteburuan zehar argazkiak www.anboto.org-en egongo dira ikusgai. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!