Ibilbide luzeko parte hartzaileek 1.400 metroko desnibela duen ibilbideari aurre egin beharko diote. Herrigunetik irten, Zengotitagainera igo, eta gero Oiz mendia igo beharko dute. Bestalde, lasterketa laburrekoek 750 metroko desnibela izango dute aurretik. Hauen punturik altuena Zengotitagane izango da.
Parte hartzaileei dagokienez, maila handiko korrikalariak izango dira Mallabiko irteera lerroan. Bertan izango dira Irazu Aranburu, Lola Oiarzabal, Urko Herran, Oihane Unzalu, Ander Jauregi, Gorka Arrizabalaga eta Zutoia Odriozola, besteak beste.
Aurtengo Durangaldeko Kopa berrikuntza nagusi bategaz dator. Izan ere, Kopak bigarren txapelketa bat izango du; lasterketa luzeekin osaturiko Mari Kopari distantzia laburragoko probak batzen dituen Durangaldeko Sugaar Kopa gehituko zaio.
ANBOTO babesle
Aurreko edizioan legez, ANBOTO Kopako babesle izango da aurten ere, eta zortzi proben jarraipena egingo du. Hori horrela, zapatuko 7 Pago lasterketa amaitu eta gero lasterketako kronika eta korrikalarien helmugako argazkiak www.anboto.org atarian egongo dira ikusgai.
Egun osoko egitaraua
Mendi lasterketaz gainera, 7 Pagoko antolatzaileek egun osoko egitaraua antolatu dute zapaturako. 10:30ean puzgarriak egongo dira haurrentzat, 13:30ean Elektrotxufla elektrotxaranga, 14:00etan oilasko pintxoak dastatzeko aukera, eta 16:00etan umeen lasterketa. 17:30ean garagardo dastatzea egongo da frontoian, eta Imanol Epelderen Zerbait sartu zait begian ikuskizunagaz emango diote amaiera egunari.