Ander Martinen omenez, Borrokalari Eguna Mallabian

Maialen Zuazubiskar 2026ko otsailaren 12a

Durangoko pelota eskolak ere omenaldia egin zion Martini

Mallabian Borrokalari Eguna antolatzen dabiltza martxorako, uztailean hildako Ander Martin Estenaga herritarra omentzeko. Martin oso pertsona maitatua zen heritarren artean, herriaren eta pilotaren alde lan handia egin zuen, eta familiarteko eta lagunek aitortza egin gura diote orain. 

Martxoaren 14rako egun osoko egitaraua antolatu dute. Herriko dantzarien saioagaz emango diote hasiera Borrokalari Egunari, eta, ondoren, herri kirolak, bertsolariak, pilota partiduak eta triki poteoa egongo dira, besteak beste. 15:00etan herri bazkaria egongo da, eta Burrunba elektrotxaragagaz eta Apokhalipsis, Desein eta Storbais taldeen kontzertuekin emango diote amaiera egunari. 

Ander Martinen senitartekoek jakinarazi dutenez, herri bazkariko txartelak salgai daude dagoeneko. Tiketak pilotalekuan, Idoiaren dendan, Herriko Tabernan zein Jubilatuen Etxean erosi daitezke. 666 38 51 70 telefono zenbakira idatzita ere egongo da erosteko aukera.

Menuari dagokionez, bi egongo dira. Bata umeentzat, makarroiak eta haragi-bolak, 15 euroan. Bestea nagusientzat, marmitakoa eta haragi-bolak, 25 euroan. 

Errifak salgai
Martinen omenezko eguna aurrera ateratzeko, errifak salgai ipiniko dituzte. Antolakuntza lanetan dabiltzanek jakinarazi dute "sari potoloak" zotz egingo dituztela. Errifen zozketa jaialdiko egunean bertan egingo dute, 17:00etan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!