Leku aldaketagaz pozik zaude?
Bai. Leku asko irabazi dugu, hiru bider handiagoa da denda orain. Kokapenari dagokionez, adineko bezeroek esan didate aurreko dendak irisgarritasun hobea zuela. Ikusiko dugu, orain zabaldu dut eta. Uste dut orokorrean herritarrak ere pozik daudela.
Berriro hasieratik hastea legez dela diozu.
Bai, hala da. Martxa hartzen nabil, oraindino apur bat urduri! Hainbat gauza dugu lotzeko.
Orain bost urte, herrian zegoen hutsune bat bete guran zabaldu zenuen denda, osasun zentroaren alboan.
Postari lana egiten nuen Mallabian, eta herrian askotariko produktuen dendarik ez zegoela ohartuta, lokala hartzera animatu nintzen. Hutsune hori bete behar zela uste nuen eta oso pozik nago egindako bideagaz. Mallabitarrek asko zaindu naute beti. Lotura estua dut herriagaz, ama bertakoa da.
Komertzio txikiek funtzio garrantzitsua betetzen dute Mallabiaren moduko herrietan?
Zalantzarik barik. Adineko jende asko, adibidez, ezin da egunero Ermura joan erosketa egitera. Oso gertu egon arren, joan-etorria egin behar da. Adineko herritar horiek dira nire bezero nagusiak. Gazteek beste era batera kontsumitzen dute. Dena dela, esango nuke herritarrak orokorrean eskertuta daudela zerbitzua ematen delako.
Herriko eta inguruko baserritarren produktuak saltzen dituzu. Garrantzitsua da hori zuretzat?
Bai, jakina. Horregaitik gero eskaintza zabalagoa egiten ahalegintzen naiz. Gainera, bezeroek eskertu egiten dute. Eibarko okela ekologikoa, Elorrioko jogurta, Mallabian egiten den gazta eta eztia, bertako zein inguruko baserritarren sasoiko barazkiak... saltzen ditut.
Herri txikietako dendak elkargune dira herritarrentzat.
Gainera, herri txikietan denok elkar ezagutzen dugu. Adineko jendearentzat egunero etxetik irteteko modua ere bada dendara etortzea. Batzuek esaten didate: "Zu egongo ez bazina ez nintzateke etxetik irtengo". Oso pozik nago bezeroekin. Jende nagusia zoragarria da, asko zaintzen naute.
Komertzioa ezinbestekoa da herriak bizirik mantentzeko. Sentitzen duzu ardura hori zure gain?
Egia esanda, asko borrokatu behar da komertzioari eusteko. Denda hau lehiaketa publiko bidez zabaldu da eta ni baino ez naiz aurkeztu. Nahiko lan lotua da eta asko ez dira animatzen. Gura nuke nik utzi eta gero norbaitek erreleboa hartzea.
Etapa berri honetan produktu gehiago eskainiko duzu?
Aurreko dendan eskaintzen nuen berdina eskainiko dut (barazkiak, fruta, litxarreriak, edariak, higienerako produktuak, elikagaiak…). Baina kantitate handiagoan. Dena dela, kutxatxo bat ipini dut, iradokizunak jaso eta bezeroen premiei erantzuteko.
Beste ezer gehitu gura zenuke?
Tokiko komertzioa babesteak duen garrantziaz jendeak kontzientzia hartzea gura nuke. Lagundu ezean denda txikiak itxi egingo dituzte, eta halakoetan ohartzen gara duten garrantziaz. Komertzioak bizia ematen die herriei.