"Mallabitarrei eskerrak jarraitu dugu hainbeste urtean"

Maialen Zuazubiskar 2025ko urr. 24a, 11:30

Mallabiko jubilatuen taberna Asun Garitagoitiaren eta Agustin Udaberen etxea izan da azken 30 urteotan. Bertan egin dugu hitzordua beraiekin, eta eurak barraren atzean ikustera ohituta egon garen arren, orain barraren kanpoaldean aurkitu ditugu. Dagoeneko erretiroa hartu dute eta beste modu batera bizi dira orain. Asteburuan zita garrantzitsua dute; izan ere, Mallabiko Urriko jaietako txupineroak izango dira eta eurek emango diete hasiera jaiei.

Gaur arratsaldean zita garrantzitsua duzue. Urriko Jaiei hasiera emateko ohorea izango duzue. Dena prest duzue? Urduri zaudete?
Asun Garitagoitia: Ni oraingoz lasai nago, baina momentuan ikusi beharko da ea horrela nagoen. Eta bai, badut zeozer idatzita. 
Agustin Udabe: Ni bai, ni urduritxo nago. Nire asmoa momentuan sentitzen dudan hori esatea da. Urte hauetan guztietan herritarrekin ondo konpontzen ahalegindu gara, denak ondo hartzen, eta ematen du orain hori bueltatu gura digutela. 

Zuentzat jai bereziak izango dira aurtengoak. Denbora da herriko jaiez gozatzeko aukerarik izan ez duzuela.
A. G.: Jaietan zein herrian zeozer antolatu denean lan egitea tokatu zaigu orain arte; beraz, jai hauetan disfrutatzea tokatzen zaigu. Horren falta igarri dut beti, herrian zeozer egon denean ezin izan dudala parte hartu. Esaterako, Aitor Elordiren omenaldi egunean edo herrian zeozer antolatu denean. Halakoetan lan egitea tokatu zaigu. 
A. U.: Ekitaldi horietan ezin parte hartzearen eta gure semeekin denbora gehiago pasatu ez izatearen damu apurtxo bat dugu.

Zuen lan ibilbideari errepaso bat eginda, bizi osoa eman duzue barra barruan.
A.G.: Bai. Mallabiko Jubilatuen Tabernan ia 30 urte egin ditugu, 29 urte eta lau hilabete hain zuzen ere. 
A.U.: Gure gazte denbora guztia hemen egin dugu, tabernan.
A.G.: Lehenengo, Bastida hartu genuen, eta gero jubilatuen etxea. Bastida hartu genuenean Agustinek 21 urte zituen, eta nik 19 urte. Han ia 13 urte egin genituen. Ondoren, hona etorri ginen eta hemen ia 30 urte egin ditugu. 

Zelako bezeroak dira mallabitarrak?
A.U.: Oso onak, jende bikaina dago Mallabian. Gainera, hona jende heldua zein gaztea etorri izan da, eta oso eskertuta gaude. Horrelako herri txiki batean pertsona nagusiekin bakarrik negozioa aurrera ateratzea gatx da, baina gurean herritar guztiek izan dute tokia, eta denak etorri izan dira. 
A.G.: Jubilatuekin bakarrik beharbada ezingo genuen bizimodua aurrera atera, baina guk zortea izan dugu, adin guztietako jendea bertaratu da eta. Mundu guztiak zabalik izan du tabernako atea. 

Kafe bat, trago bat edo pintxo bat ateratzeaz gainera, herritar askori eta batez ere nagusiei konpainia ere egin diezue.
A.G.: Bai, sarritan lagundu izan diegu bezeroei karta jokoan eta egin izan diegu konpainia. Eta baita eurek guri ere, jakina. Oso oroitzapen onak ditugu eta betirako izango ditugu. Esaterako, asko gogoratzen gara guretzat Ametsa baserriko amama zen Rosariogaz. Emakume zoragarria zen. Bere ilusio osoagaz prestatzen zen hona etorri eta kartetan egiteko. Tabernako gure azken egunean, despedida egunean, Rosario gugaz egon zen. Handik gutxira iktus bat izan zuen eta utzi egin gaitu. Berari konpainia egitea plazer bat izan da. 

Amaitzeko, beste ezer gehiatu gura zenukete?
A.G.: Herri osoari eskerrak eman gura dizkiogu. Mallabitarrei eskerrak jarraitu dugu hainbeste urtean. Dena zor diegu. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!