Odolean daroazue ardi-moztearen zaletasuna.
Zorion Abendibar: Aitita auzoko 3-4 baserritara joaten zen ardi mozten, eta beragaz joaten nintzen; 11 urte izango nituen. Ardi moztearen bueltan sortzen zen giroa akorduan dut oraindino. Pena handia ematen dit hori galtzeak. Beharrak amaituta, mahai bueltan elkartzen ziren artzainak, sasoi bateko istorioak kontatzeko eta bazkaltzeko: bildotsa, gatzatua, gazta... Klaudio Lejarretak ere eroaten ninduen Oletara, ardi moztera. Gazta egiten zuen bitartean Juan Bilbaok kontaturiko istorioak pozarren entzuten nituen. Iluntzean joaten nintzen berarengana umetan, eskolako lanak amaiturikoan.
Aritz Abendibar: Aitak erakutsi dit niri. Ander Jaiok ere bai. Haren baserrira joan nintzen behin ardi mozten laguntzera, Iurretara, eta gustua hartu nion. Harrezkero nabil ardi mozten, duela 3-4 urtetik hona.
Ofizio baino gehiago, afizioa duzue ardi moztea.
A.A.: Bai, zaletasuna da gurea. Ez gara profesionalak.
Z.A.: Lagunartean ibiltzen gara ardi mozten, udaberritik udara bitartean, hiru-lau baserritan. Kuadrillan bazkaldu eta kontu kontari ibiltzen gara. Ardi moztearen inguruan sorturiko giroa asko gustatzen zait. Euskal Herriko Lehen Ardi Mozte Txapelketan Abadiñoko probalekua bete egin zen eta ikusleak ahozabalik zeuden. Galestik, Eskoziatik, Ingalaterratik... etorri ziren ardi moztaileak, eta elkar animatzen zuten.
Zelako esperientzia izan zen profesionalekin lehiatzea?
Z.A.: Oso lasai joan ginen. Gure lana egitera eta disfrutatzera joan ginen, lehiatzera barik.
A.A.: Beharrean 20-30 urte daramatzaten moztaileak egon ziren Abadiñon. Ondo ezagutzen dute ofizioa. Ikasteko aukera handia izan zen. Oso gustura eta lasai aritu nintzen.
Artaziekin aritu zineten. Makinagaz baino gatxagoa da?
A.A.: Makinagaz errazagoa eta arinagoa da ardi moztea. Homogeneoago geratzen da.
Z.A.: Tradizioz artaziekin egin izan da ardi moztea. Bada, ardi moztaileen euskal selekzioak ofizialtasuna lortuta ere, beti argi izan du ez zuela artaziekin egindako ardi moztea baztertuko. Garai batean ardi moztea zelan egiten zen ikusteko eta ezagutzeko modua da. Abadiñon 20 bat ardi moztaile lehiatu ginen modalitate horretan. Aurretik, Zugarramurdin izan ginen.
Esanekoak izaten dira ardiak?
A.A.: Esanekoak dira, bai. Bat edo bi izaten dira burugogorragoak... Natura gustatuz gero lan ona da ardi moztaileena, berezia. Eta kirola egiten duzu.
Z.A.: Gainera, ardi moztea amaitzean eskuak leun-leun geratzen dira. Ez da lan gogorra, ekina izatea behar da. Naturaren parte sentitzen zara.
Aritz, harri jasotzen ere hasi zara. Baduzu erreferenterik?
A.A.: Probatu nuen eta ezin utzi! Zelaitarrekin nabil. Asko egon dira onak: Zelai, Ostolaza, Perurena, Izeta, Goenatxo... Horien maila lortzeko urte asko behar da, konstantea izan behar da.