Mallabiak Bizkaiko ardi-txakurren txapelketaren 60. edizioa hartuko du abuztuaren 17an. 10:30etatik aurrera, herrialdeko dozena bat txakur lehiatuko dira beren ugazaben esanetara, San Pedro Bidartekoaren ermitan. Txapelketa Mungian jokatu izan da urte luzez, eta honako hau izango du bere lehenengo aldia Mallabian. Sariketa urtero-urtero jokatzen da, eta ohiturari eutsita, Mallabiko lehenengo hiru sailkatuek Euskal Herriko txapelketarako zein Oñatiko Nazioarteko txapelketarako txartela lortuko dute.
Probek bi eta hiru ordu bitarteko iraupena izango dute. Lehenengo zatian, artzain eta txakur guztiek hartuko dute parte. Bertan, txakurraren kontrola, artaldearen bilketa eta ganaduaren hesi arteko gidaritza trebeziak erakutsi beharko dituzte. Bigarren zatian, berriz, bost artzain lehiatuko dira. Artaldea gidatu eta eskortan sartu beharko dute txakurrek, artzainen aginduetara.
Honako hauek dira Mallabian lehiatuko diren artzain eta txakurrak:
- Jose Angel Azkorbebeitia Agirre eta Lutxi txakurra (Abadiño)
- Jose Ramon Garcia-Diego Trueba eta As txakurra (Sodupe)
- Enrike Mendiguren Larrazabal eta Txiki txakurra (Orozko)
- Jose Migel Etxebarria Gisasola eta Zoli txakurra (Abadiño)
- Jose Mari Fernandez Garai eta Bakun txakurra (Galdames)
- Julian Carlos Alonso Agirre eta Zeru txakurra (Zalla)
- Juan Jose Egurrola Aldazabal eta Baserri txakurra (Etxebarri)
- Kepa Ardanza Mendilibar eta Urbi txakurra (Abadiño)
- Karlos Ardanza Mendilibar eta Mendi txakurra (Abadiño)
- Marcos Aspizua eta Negu txakurra (Urduña)
- Imanol Diaz Caliz eta Loli txakurra (Zalla)
Halaber, asteburu honetan beste proba bat jokatuko da Sodupen, eta bertako garailea Mallabian lehiatuko da, aipaturiko guztiekin.
Bertako arraza sustatzen
Txapelketak antolatzeaz gainera, BATE Bizkaiko Artzain Txakurren Elkarteak desagertzeko arriskuan dauden txakur arrazak sustatzeko egiten du lan. Erakustaldiak antolatzen dituzte, eta artzaintza-ikastaroak eskaini EHATE Euskal Herriko Artzain Txakurren Antolatzaileen Elkarteagaz eta Eusko Jaurlaritzako HAZI Fundazioagaz batera. Honako euskal arraza hauekin esku hartzen dute: euskal ardi txakurraren bi aldaerak (Gorbeiakoa eta Iletsua), Petit Berger (Pirinioetako artzain txakurra) eta Labrit arrazak.