Aurten ere paella eta marmitako lehiaketan ikusiko zaituztegu?
Maribi Carrillo: Jakina. Jaietako egunik politena izaten da. Kuadrillan, lagunartean batzen gara. Izan ere, mallabitar asko herritik kanpo bizi da, eta egun horretan hemen egoten gara denok, herriko jaiak ospatzen. Aspaldiko lagunekin batzeko aitzakia paregabea da.
Angelines Carrillo: Hamazazpi urtegaz parte hartu nuen lehenengoz, eta hara: txapelketa irabazi nuen! Atera kontuak: hozkailuan eskura nituen hiruzpalau kontugaz egin nuen nire lehenengo paella, eta irabazi. Akorduan daukat amari, Logroñon zegoelako, eskutitza idatzi niola txapelketa irabazi nuela kontatzeko. Harrezkero, urtero parte hartzen dut.
Beraz, beteranoak zarete paellak kozinatzen.
A.C.: Hiru hamarkada baino gehiagoan parte hartu dut. Akorduan daukat, gaztetan Kanarietara joaten nintzela astebeterako, baina oporraldia antolatzen nuela andramarietan, bai ala bai, herrian egoteko.
M.C.: Ez dut uste sekula hutsik egin dugunik. Gainera, hemen bakarrik ez, Abadiñoko Gerediaga auzoko jaietara ere joaten gara paellak egitera. Lagunak ditugu han, Kepa Bengoa, adibidez. Garaira ere joaten gara, patata tortilla lehiaketara.
Ondo sustraitutako hitzordua duzuela bistakoa da. Eta kokalekua?
A.C.: Ni plazan egoten naiz, Kontzejuzarraren pareko arbola bien artean, beti hor.
M.C.: Ni, aldiz, elizpean egoten naiz, Angelinesen parean, kuadrillakoekin.
Eta ahizpa bien artean zeinek pilatu du sari gehien?
A.C.: Uste dut nik gehiagotan irabazi ditudala sariak. Paelletan, gutxienez, askotan.
M.C.: Nik, aldiz, tortilletan eta marmitako txapelketan hainbat sari lortu ditut, baita Gerediagako eta Garaiko txapelketetan ere.
Hainbeste sari irabazita, zein izaten da kozinatzeko sekretua?
M.C.: Nik, normalean, arrain paella egiten dut. Fumeta egitea eta maitasunez kozinatzea da sekretu bakarra. Edozelan ere, prozesu arrunta da, ez dakit sekretu askorik dagoen.
A.C.: Haizea, suaren bizitasuna, paella artez eta aldapa barik ipintzea... hainbat faktore daude. Edozelan ere, zorte eta gustu kontua da. Niretzat, arroza solte egotea da gakoetako bat, baina sokarrat delakoak ere badu arrakasta.
Aurtengo jaiak zelan ospatuko dituzue?
M.C.: Txupinazoan egongo gara, baita askotariko animazioak ikusten ere. Andra Mari egunean, meza, dantzariak, bazkaria... izango ditugu. Herri kirolak ikustera ere joaten gara. Eta zelan ez: Luhartzen erromerian ere egongo gara dantzan. Horra ere ez dugu sekula hutsik egiten.