Janus Lester, Luhartz eta Lehian Mallabiko jaietan

Maialen Zuazubiskar 2025ko abu. 11a, 10:15

Abuztuaren 14tik abuztuaren 16ra bitartean Mallabian Andra Mari jaiak ospatuko dituzte. Jaiei hasiera 19:00etan emango diote, udaletxeko balkoitik txupinazoa botata. Ondoren, Hamarru elektrotxarangak arratsaldea girotuko du.

Abuztuaren 14tik abuztuaren 16ra bitartean Andra Mari jaiak ospatuko dituzte Mallabian. Aurtengoan ere musikak tarte berezia izango du. Abuztuaren 14an, txupinazo egunean, Lehian taldeagaz erromeria egongo da. Abuztuaren 15ean, eguerdi-arratsaldea Eingo taldeak girotuko du, eta 22:30ean Janus Lester igoko da parkeko oholtzara. Abuztuaren 16an, berriz, Luhartz taldeak joko du 20:30etik aurrera plazan eta ondoren, DJ Maria Blessive ariko da musika jartzen. 

Musika eskaintza zabalaz gain, adin eta gustu guztientzako ekintzak egongo dira aurtengo andramarietan. Abuztuaren 14an, umeen eguna ospatuko dute, eta egun osoan zehar, haur parkea egongo da, eta 18:00etatik aurrera, apar festa. 

Andra Mari egunean, abuztuak 15, 19:30ean 'Ez da kasualitatea' bertso saio musikatua egongo da plazan. Bertsotan Ane Labaka, Maider Arregi, Eli Pagola eta Miren Amuriza arituko dira. Gai-jartzaile lanetan Iruri Altzerreka egongo da, eta musika jartzen Araitz Bizkai eta Oihana Landa.

Abuztuaren 16an, Paella eta Marmitako Lehiaketak egingo dituzte eta Kontzejuzarrean jubilatuen bazkaria egongo da. Arratsaldean, berriz, Tolin Mariatxia jubilatuentzat; Gazte Asanbladak antolatutako kuadrillen arteko jolasak, eta 20:00etatik aurrera txerri erre pintxoa dastatzeko aukera egongo da. 

Pilota eta herri kirolak
Bestalde, urtero lez, kirol ekitaldiek ere izango dute tartea jaietan. Abuztuaren 14an pilota partiduak egongo dira. Urrutikoetxea-Morgaetxebarria bikoteak, Etxebarria-Tolosa bikotearen aurka jokatuko du. Ostean, Ezkurdiak eta Iztuetak Elordi eta Albisu izango dituzte kontrario. 

Abuztuaren 15ean, berriz, Mallabiko Gizonezkoen eta Emakumezkoen Harri Jasotze Saria jokatuko da. Hauek izango dira parte hartzaileak: Jon Gisasola, Eneko Bilbao, Unai Osa, Aritz Aranguren, Mikel Lopetegi, Xabat Olaizola, Hodei Amezkoa, Unai Urkiola, Eider Garcia Durana, Sara Jimenez de Aberasturi, Patricia Martin, Leire Olea eta Ane Cestau. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!