Mallabiko Udalak herritarren iritzia jasotzeko egin berri duen inkestaren emaitzak aurkeztu ditu. Bertan jakitera eman dutenez, emaitzek balorazio "oso positiboa" erakusten dute;, 10etik 7,97ko puntuazioa jaso du udalerriak eta inkestatutako gehienek Mallabia bizitzeko leku bikaina dela uste dute.
Era berean, mallabiarren gehiengoak "ondo" baloratu du Mallabiko Udalaren kudeaketa. Udalaren irudi orokorra ona da, 10etik 6,85 puntuazioarekin, eta arduradun politikoen lana 6,88ko puntuazioarekin baloratu da.
Bestalde, Igor Agirre alkateak ere balorazio ona jaso duela azaldu dute, 10etik 7,29 punturekin. "Herritarrek alkatearen kudeaketa hurbila eta gertukoa nabarmendu dituzte, mallabiarren eskakizunak eta beharrak entzuten dituela adieraziz. Gardentasuna eta udalerria hobetzeko duen konpromisoa ere nabarmendu dituzte", azaldu dute udaleko arduradunek ohar bidez.