Mallabian Zubitegi erreka berreskuratzen dabiltza

Maialen Zuazubiskar 2025ko eka. 12a, 09:00

Zubitegi erreka Oiz mendiaren barrenean jaiotzen da, eta Mallabia eta Ermua zeharkatzen ditu. Bigarren faseko lanetarako, 192.406 euro erabiliko dituzte. 

2021etik hona, Uraren Euskal Agentzia eta Mallabiko Udala Zubitegi errekaren ibilgu naturala berreskuratzen dabiltza. Lehenengo fasean, aire zabalean beste ibilgu bat zabaldu zuten hormigoizko galeriaren paraleloan, ura berriro ere jatorrizko ibilgutik pasatzeko asmoz. Aldi berean, lurpeko kanala mantendu zuten, etorkizunean uholderik balego haiek kudeatzeko irtenbide legez. 

Orain, Zubitegi errekaren ibilgu berriak ur goraldiei aurre egiteko duen gaitasuna egiaztatu eta gero, eta lurpeko kanala beharrezkoa ez dela frogatuta, ingurunea guztiz berreskuratzeko lanei ekin diote Mallabian. Udalak jakinarazi duenez, bigarren fase honek egun dagoen lur azpiko galeria guztiz eraistea eta Zubitegi errekaren ezkerraldeko ingurunea ingurumen-irizpideen arabera berreskuratzea jasotzen du. 

"Zubitegi erreka berreskuratzeak gure herriko biodibertsitateari mesede egiteaz gainera, garapen jasangarrirako beste urrats bat ere bada, ingurunearen errespetua ardatz hartuta", adierazi du Igor Agirre alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!