"'Cerodenero'-k merezi du ganoraz amaitzea"

Aritz Maldonado 2025ko mai. 30a, 13:10

Izaro Andres mallabitarrak urteak daramatza inurri lanean, diskorik disko, birarik bira, bere abestiak geroago eta jende gehiagorengana eramaten. 2022an 5.000 lagunek Anoetako belodromoa bete eta gero, erronka bereziagaz amaitu gura du Cerodenero diskoaren bira. Barakaldoko BEC erakustazokan kontzertua emango du zapatuan, hilak 31, gonbidatu bereziekin: besteak beste, Baiucak, Olatz Salvadorrek, Valeria Castrok, Miki Nuñezek eta Olaia Inziartek parte hartuko dute festan. Zapatukoaren ondoren, mallabitarrak lanean jarraitzeko asmoa agertu du, baina fokuetatik kanpora. 

Bira amaierara heltzen dabil, eta, zuk esan duzun legez, mendia jaisten zabiltza orain. Gogotsu zaude zikloa amaitzeko?
Egia esanda, bai. Pena handia ematen dit amaitzeak, baina beharrezkoa da eta Cerodenero-k merezi du ganoraz amaitzea. Batzuetan, amaitu arte ezin da gertatutakoaren forma osoa ikusi, eta badut gogoa perspektiba horretatik begiratu ahal izateko urte bi hauei. Gure gorputzek ere eskertuko dute ziklo amaiera, deskonprimitzeko.

BECen luxuzko gonbidatuz inguratuta egongo zara. Zelako emanaldia izango da?
Oso berezia izango da. Cerodenero bere onenean. Lagun asko oholtzan, koreografia lan ederra eta zorrotza. Niretzat oso hunkigarria izango da, omenaldi bat Cerodenero-ri eta urte bi hauei, agur bat ziklo zoragarri honi. Eta harrotasun ospakizun bat nire lantaldeagaz eta ikusleekin sortu dugun komunitate eder honegaz. Kontzertua bera indartsu dator, zirraragarria izango da, fisikoki exijentea, eta gogotsu nago giharreko minagaz esnatzeko hurrengo egunean.

Zelanbait esateko, BEC eta beste areto handi eta pabilioiak musikazalez beterik ikustera ohitu gara. Baina zelako lana du atzetik horrelako ikuskizun bat prestatzeak?
Lan handia, eta, batez ere, ardura handia. Jende askoren lana antolatu behar da, bertigo handia ematen du, gastuak hor daudelako, baina sekula ez dakizulako zein sarrera kopuru salduko den. Guretzat behintzat apustu bat da, horrela ospatu gura genuelako, probatu gura genuelako. Lan handia da, baina baliabide aldetik ate asko zabaltzen dizkizu era berean, benetan buruan zenuen horretara ahalik eta gehien hurreratzeko. Oholtza forma konkretu bat, iruditeria konkretu bat. Kontzertu hauek konplikatuak dira, bai teknikoki bai artistikoki, baina zure oholtzarako izaeraren beste alderdi bat aktibatzen dute eta niretzat opari bat da nire alderdi ezberdin horiek aktibatu ahal izatea.

2022an 5.000 lagunen aurrean eman zenuen kontzertua, belodromoan. Baliagarria izango zen oraingoa prestatzeko, ezta?
Bai, oso baliagarria. Hura egin genuenez, orain lasaiago nago. Ikasten zoaz zuzenean, asmatu ala ez. Ikasketa prozesu interesgarria da, ikusgai dagoena, momentuan hartzen duena forma. Eginez ikasten da, eginez egiten da bidea, eta horretan ari gara buru-belarri, eginaren eginez.

Perspektibagaz begiratuta, zelan ikusten duzu Cerodenero, eta zein da zure diskografiari egin dion ekarpena?
Niretzat oso disko garrantzitsua izan da. Auto-justizia disko bat, inflexio puntu bat markatu duena, sendatu nauena, nire lekuan ipini nauena, oinez irakatsi izan balit legez eta orain bakarrik nabil. Soinu aldetik gauza ezberdin asko gertatu da lan honetan, eta konfirmatu dut ez nabilela genero musikalen atzetik edo pean, abestien bila nabil, eta horixe da nire generoa, kantua.

Eta, atzera begiratuta, zelakoa izan da diskoaren eta biraren zikloa?
Zoragarria. Lantalde zoragarri bategaz ametsak betetzen nabil. Ez da arruntena norbere ametsak bete ahal izatea, eta kontziente gara bide hori egiten gabiltzala. Oso zoriontsu izan gara, asko bidaiatu dugu, nazioarteko biran ibili gara eta oso zortedun sentitzen gara. Zortedun lan egin dezakegulako, gure talentua landu dezakegulako, eta musikan zuzenekoak duen magia hori bizi dezakegulako. Osasuntsu gaude, elkarregaz gaude, eta martxan gabiltza. Hau ez da horrela izango beti, hain perfektua, eta, beraz, gozatzen gabiltza.

Perlak kaleratu duzu oraintsu. Biran inspiratu zara ala arrazoi desberdinengaitik Cerodenero diskoan lekurik ez zuten abestiak dira?
Cerodenero diskoaren mendi jaitsieran idatzi nituen Perlak diskoko abestiak, bira erdia egin eta jada beheranzko bidea hartzean. Kolpean sartu zitzaidan jendeari kantak idazteko gogoa, eta eurekin abestekoa. Mendian gora joan naizenean, lurrera eta nire oinetara baino ezin nuen begiratu, labanik ez egiteko, heldu behar nuen lekura heltzeko, eta behin gailurrera ailegatuta begiak lurretik altxa ditzakezu eta harago ikusi; hor hasi nintzen perlak ikusten, eta EP honetan biltzea erabaki nuen, mendiaren parte direlako. 

Etenaldi bat iragarri duzu. Arduratzen zaitu gero etorri daitekeenak?
Bai eta ez, badakidalako etenik barik ez dagoela gerorik. Geroa egotea gura badut, etenaldiak behar ditut tarte bien artean. Kezka sortzen dit, jakina, ea bueltan jendeak besoak zabalik hartuko gaituen berriro, eta gu zelan egongo garen. Baina geldialdirik barik ez dago erritmorik. Beraz, ez dago beste aukera errealik gaur-gaurkoz. Jakina, etenaldia oholtzetan izango da, baina lanaren erritmoak aurrera jarraitzen du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!