[ARGAZKI GALERIA] Mallabiko Kirol Hiria berde kolorea hartzen ari da

Anboto 2025ko mai. 27a, 14:05

Areitioko konplexu berrian egiten ari diren bost zelaietatik bitan belar naturala jarri dute dagoeneko, SD Eibarrek informatu duenez.

SD Eibarren Mallabiko Kirol Hiria datorren denboraldira begira martxan egotea da asmoa. Ildo horretatik, klubeko iturriek konplexu berriko lanak zelan doazen kontatu dute bere sare sozialetan. Bost zelaitik bitan belar naturala jarri dute dagoeneko. "Belarraren hazkundea oso erritmo onean doa, proiektuaren arduradunek ezarritako epeak eta baldintza teknikoak betez", adierazi dute.

Ekainean zehar konplexuko laugarren zelaia josi egingo dute, lur hibrido bihurtzeko. Esku-hartze honen helburua eremuari "erresistentzia eta sendotasun handiagoa" ematea da. Horrela, denboraldi osoan, neguko hilabeteetan barne, zelaia "egoera onean" egongo dela segurtatu gura dute.

Gainera, erabaki horrek beste abantaila bat du: "Ipuruan eta LaLigako beste estadio batzuetan egun dauden baldintzak simulatu ahal izango dira, eta, horrela, jokalariak hobeto egokituko dira astero jokatuko duten agertoki lehiakorretara", diote.

(Argazkiak: @SDEibar)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!