Zapatuan Mallabiko kaleak ezpataz, makilez eta txilinez beteko dira Durangaldeko Ezpatadantzari Egunean. Eskualdeko sei herritatik joandako zortzi dantza taldek parte hartuko dute Gerediaga Elkarteak Mallabiko Udalaren laguntzagaz antolatu duen ekimenean.
Egunari hasiera 17:30ean emango diote frontoitik irtengo den kalejiragaz. Ostean, 18:00etan dantza erakustaldia egingo dute parkean. Eta dantza saioa bukatutakoan, 20:00ak inguruan, herriko tabernetatik zehar trikipoteoan arituko dira.
Mallabiko Ezpatadantzari Egunean parte hartuko duten dantza taldeak hauek izango dira: Berrizko Iremiñe eta San Lorentzo, Durangoko Kriskitin eta Txoritxu Alai, Iurretako dantzariak, Mallabiko Gazte Alai, Otxandioko Urduri eta Zornotzako Udabarri.