7 Pago lasterketan iazko denbora hobetu duzu (02:11:00). Bat baino gehiago aho zabalik utziko zenuen.
Baliteke, baina egin dudanak ez du meritu handirik! Bizi osoa kirola egiten eman dut, aizkoran. Aspaldian lagata izan arren, beti entrenatu naiz zeozertxo. Gainera, mendian ibiltzea gustatzen zait, naturala da niretzat. Iaz ez nintzen batere entrenatu eta egundoko jipoia hartu nuen. Hurrengoan, osasunak lagunduz gero apurtxo bat entrenatuko nintzela esan nuen. Asuntza aldera osteratxo batzuk egin ditut, neure gustura, makila hartu eta txakurragaz. Asko ez. Ibilbidea ezagutzea ere lagungarria da. Beharbada, gazteei deigarria egingo zitzaien zahar bat korrika ikustea.
Animatuko zara Durangaldeko Kopako beste lasterketaren batera?
Ez. Herrian antolatutako jaiegun polit batean parte hartzeko gogoa nuen, besterik ez. Iazko jipoirik ez hartzea nuen helburu, helmugara pozik heltzea. 61 urtegaz belaunak eta orkatilak ondo ditut, oraingoz behintzat. Zorte hori dut. Horrek egundoko poza ematen dit. Garrantzitsua da osasuntsu bizitzea.
Zein sentsaziogaz amaitu zenuen?
Pozik, nire adinean osasuntsu sentitzen naizelako, batez ere. Iaz asko sufritu nuen. Oinez izanez gero, ondo ibiliko nintzen. Baina azken unean konturatu nintzen lasterketa zela, semeak esanda. Izena emanda nuenez, joatea erabaki nuen. Oso txarto pasatu nuen. Aurten asko disfrutatu dut, azken aldera apur bat nekatuta nengoen arren.
Helduenetarikoa izango zinen.
Bai, denak gaztegoak ikusten nituen, behintzat! Bertakoa izatera ere eskertzekoa da jende piloa animatzen ikustea. Oso polita izan zen. Antolakuntzaren lana ere eskertu gura dut, herrian egundoko giroa sortzen da eta.
Zelan sentitu zinen gazteen artean?
Oso pozik, jakina! Gazteek bizitasuna dute, gazteen artean ibiltzea oso pozgarria da. Gazteek zeu onartzea ere garrantzitsua da. Herri txikia da Mallabia, gehienok elkar ezagutzen dugu eta pozgarria da gazteen aupadak jasotzea.
Mendi lasterketetan parte hartzeko grina piztu zaizu?
Apur bat bai! Osasuna baino ez dut eskatzen. Belaunek eta orkatilek laguntzen badidate, jarraituko dut. Antolatzen badute eta ondo banago, datorren urtean ere parte hartuko dut.
Aizkolari legez bide oparoa egin duzu, eta orain entrenatzailea zara. Osasuntsu daude herri kirolak?
Oso osasuntsu. Gainera, emakumeen artean aurrerapena handia izan da. Ekinaren ekinez markak hobetu dira eta egundoko maila dago. Harrobia ikustea ere poztekoa da. Herri kirolak serio hartzen hasi dira.