7 Pagon irabazita, Irazu Aranburu eta Nora Narbaiza dira Durangaldeko Kopako lehenengo liderrak

Anboto 2025ko mai. 17a, 13:36

Xabat Manzisidor, Irazu Aranburu eta Ander Jauregi.

Gaur hasi da Durangaldeko Kopa, 7 Pago mendi lasterketagaz. Proba luzean, Durangaldeko korrikalariek nagusitasunez irabazi dute.

Gizonezkoetan, Irazu Aranburu mallabiarrak garaipena errepikatu du, 2:16:48ko denboragaz; emakumezkoetan, ostera, podiuma eskualdeko hiru lasterkarik osatu dute: Nora Narbaiza zaldibartarrak (2:51:41) irabazi du proba, eta Itsasne Urkiaga zornotzarra (2:52:35) eta Maialen Artiach elorriarra (2:56:26) sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Proba laburrean, ostera, Xuban Muniozguren izan da lehena helmuga zeharkatzen; ordu bat, 22 minutu eta zortzi segundo behar izan ditu horretarako. Podiumean Kimetz Aramburu (01:29:28) eta Oinatz Urtiaga (01:29:32) garaitarrek lagundu dute. Emakumezkoetan, Nahia Ibarzabal izan da bizkorrena (01:49:12), eta Joana Asua berriztarrak (01:53:20) hirugarren amaitu du.

Gaur hasi da Durangaldeko Kopa, eskualdeko mendi proben festa, Mallabian. Eguraldia lagun, jendetza batu da bertan, eta giro apartagaz ekin diote, beraz, kopari.

Aurtengoa bigarren aldia izan du Mallabiko 7 Pagok, eta bi lasterketa izan ditu, luzea, 25 kilometrokoa, eta laburra, 16 kilometrokoa.  Ibilbidea iazko bera izan da: Zengotitatik haize-errotetaraino igo, Trabakura jaitsi eta handik Oiz tontorrera igo dira. Guztira, 365 lagunek parte hartu dute bi probetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!