Mallabiko Zubitegi Kirol Parkeko padel pista zabalik dago

Anboto 2025ko api. 22a, 18:00

Interesdunek udal webgunearen bitartez egin beharko dute kantxaren erreserba zein ordainketa.

Gaurtik aurrera erabilgarri dago Zubitegi Kirol Parkeko padel pista eta horrenbestez, aurrerantzean kirol gunea erabiltzeko aukera izango dute mallabiarrek, betiere, aurretiazko erreserba eta izen-emate sistema bitartez, udalak ohar batean azaldu duenez.

Erreserbak non eta nola egin

Erreserbak Mallabiko Udalaren webgunearen bidez egingo dira, eta horretarako, erabiltzaileek aldez aurretik izena eman beharko dute. Erabilera-txandak ordu eta erdikoak (90 minutu) izango dira, eta txanda bakoitzaren prezioa 6 eurokoa izango da.

Pista astelehenetik igandera bitartean erabili ahal izango da, 08:00etatik 21:30era. Aldi berean, gehienez lau pertsonak erabili ahal izango dute pista. Bestalde, 14 urtetik beherakoek heldu baten laguntza beharko dute instalazioa erabiltzeko.

Segurtasun kamarak

Padel pista itxita egon da azken hilabeteotan "bertan egindako ekintza bandalikoak direla eta", oharrak zehazten duenez. Udalak gogorarazi du horrelako ekintzak "onartezinak" direla eta "ez dutela lekurik udalerrian". Horiek horrela, oraingoan segurtasun kamarak jarri ditu kirol espazio honetan.

“Kirol azpiegiturak herritarren ongizaterako eta aisialdirako ezinbestekoak dira, eta horregatik, gure konpromisoa da horiek egoera onean mantentzea. Ez dago horrelako jarrerentzako tokirik gurean, eta irmoki gaitzesten ditugu espazio publikoen aurkako erasoak. Garrantzitsua da guztion ardura partekatua izatea horrelako guneak zaintzeko”, esan du Mallabiko alkateak, Igor Agirrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!