Mallabiko Udalak hasiera emango dio kiroldegi baten eta parke natural baten ezaugarriak dituen Zubitegi parkearen bigarren faseari. Fase honetan, skate eta BTTrako pista bana eta tribuna gune berriak eraikitzea aurreikusten dute. Lan hauek sei hilabeteko epean amaitzea dute asmoa, eta, guztira, 350.173 euro erabiliko dituzte, Mallabiko Udalak jakinarazi duenez. "Proiektu honegaz, eremu publikoak hobetzeko eta bizitza aktibo eta osasuntsua sustatzeko konpromisoa berresten dugu, herritarren beharrizanei egokitutako kalitatezko azpiegiturak eginda. Gainera, hau beste pauso bat da parkea aire zabalean kirola egiteko erreferente legez bihurtzeko", azaldu dute udal taldekoek.