2018ko urrian, SD Eibarreko akziodunek erabaki zuten klubak kirol instalazio propioak behar zituela. Kirol Hiri hori Mallabian egin gura zutela azaldu zuten. Euren nahia Mallabiko Udalari azaldu zioten, eta prozesua martxan ipini zuten. Kirol Hiria egiteko prozesua luzea izan da, sasoi hartan Plan Orokorra aldatzen zebiltzalako Mallabian. Baina behin Plan Orokorra aldatuta, 2023an bide eman zioten Eibarko Kirol Hiriaren proiektuari, eta dagoeneko lanak azken fasean sartzeko bidean daude.
2023 amaieran, Mallabiko Udalaren eta Eibar Kirol Elkartearen akordioan jasotako bidegorria egin zuten. Bidegorri honi eskerrak, Mallabiko herrigunea eta Areitio auzoa lotuta dago oinezkoentzat. Gainera, Areitio gainean, N-634 errepidean, biribilgune bat egiteari ere ekin zioten.
Mallabiko Udalak Kirol Hiria urbanitzatzeko obra-lizentzia ere eman zuen, eta bost futbol zelai jasotzen dituen proiektua amaierara heldu da ia.
Bost futbol zelaiko gunea
Mallabiko Udaleko iturriek ANBOTOri jakinarazi diotenez, Areitio gainean dauden instalazioak uda honetarako amaituta egotea aurreikusten dute. Datorren denboraldirako prest izango dituzte. Kirol Hirian, SD Eibar osatzen duten talde guztiek izango dute lekua. Alde batetik, lehenengo taldea bertan entrenatuko da. Bestetik, harrobiko taldeek entrenamenduak egiteko eta partiduak jokatzeko erabiliko dute.
Areitioko guneak bost futbol zelai izango ditu guztira. Horietatik bi belar naturalekoak izango dira, eta gainerako hirurak belar artifizialekoak. Horrez gainera, harmaila handi bat, eraikin zentral bat eta beste instalazio batzuk ere egongo dira bertan.