Goitondoko autobus-geltokia berritzea 2025eko proiektu nagusia Mallabian

Anboto 2025ko urt. 7a, 09:36

Abendu bukaeran 2025eko udal aurrekontuak onartu zituen Mallabiko Udalak, EAJren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. 

Mallabiko Udalak 2025eko udal-aurrekontua onartu zuen abendu bukaeran, 2.598.700 euroko aurrekontua. "Aurrekontu honen helburua udalerriko garapen iraunkorra sustatzea eta bizi-kalitatea hobetzea da", azaldu zuten udaletik. 

2025eko inbertsioei dagokienez honako hauek dira nagusiak: Goitondoko autobus-geltokia berritzea eta hobetzea. Lan honek 110.000 euroko diru partida izango dut. LHIKko aparkalekuaren irisgarritasuna hobetzea (30.000 euro), frontoiko gimnasioko klimatizazioa hobetuko duen itxitura egitea (46.000 euro) eta udal lurretan dauden eguzki plaken energia kudeatzeko etxola bat instalatzea (30.000 euro), besteak beste. 

"Aurrekontu hauek herritarren beharrei erantzuteko eta Mallabiko garapena sustatzeko diseinatu dira eta aurreikusitako proiektuek bizi-kalitatea hobetzeaz gain, udalerria leku jasangarriagoa, irisgarriagoa eta erakargarriagoa izatea dute helburu", adierazi zuen Igor Agirre Mallabiko alkateak. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!