"Nire txapelak erregulartasunak emandako garaipenak dira"

Joseba Derteano 2024ko abe. 14a, 10:25

Nekane Pradera, Durangoko mendi duatloian. EHMDZ

Nekane Pradera Belarrek (Mallabia, 1989) Euskal Herriko Mendi Duatloien zirkuitua irabazi du. Armarik onena erregulartasuna izan du. Proba guztietan podiuma egin eta Kanpezukoa irabazi egin du

Mallabian bizi zenean atletismoan aritu zen; disko jaurtiketan, batez ere. Gazte mailan Espainiako laugarren eta bosgarren geratutakoa da. 18 urtegaz Gasteizera joan zen ikastera, eta harrezkero han bizi da. Orain, mendiko bizikleta asko gustatzen zaio. 

Zelan zaletu zinen mendiko duatloira?
Mallabian izan zen, orain zazpi-zortzi urte. Urte batzuk neramatzan Gasteizen bizitzen, eta asteburuetan Mallabira etortzen nintzen gurasoak eta neba bisitatzera. Herrian mendi duatloi bat egin behar zela jakin nuen eta kuriositatea piztu zidan. Ibilbidea lagun bategaz egin, eta parte hartzera animatu nintzen. Orduan ez neukan bizikleta onik. Aitari bere bizikleta eskatu nion, atera kontuak! Aitarena ez zen batere ona, baina horregaz egin nuen proba herrikoia, laburragoa zen ibilbidea. Horixe izan zen nire lehenengo hartu-emana mendiko bizikletagaz, eta asko gustatu zitzaidan. 

Mendiko bizikleta deskubritu zenuen.
Guztiz! Gauza bat gustatzen zaizunean indar eta ahalegin gehiago eskaintzen diozu eta horixe da nire kasua. Duatloiez gainera, BTT probak egiten hasi nintzen eta horretan jarraitzen dut. BTT lasterketak non dauden begiratzen ibiltzen naiz. Bizikletan asko gozatzen dut. 

Korrika baino gehiago?
Bai. Duatloietan korrikako sektoreetan sufritzen joaten naiz. Denbora gehiegi ez galtzea izaten dut helburu, badakidalako gero bizikletan hobeto defendatzen naizela. 

Bigarren urtez jarraian irabazi duzu zirkuitua. Aurtengoa zertan izan da diferentea?
Biak nahiko antzekoak izan dira. Ni errealista naiz eta badakit nire maila zein den. Nire txapelak erregulartasunaren txapelak dira. Aurten lasterketa guztiak egin ditut eta horrek asteburuero puntuatzeko aukera eman dit. Beste emakume batzuk ni baino hobeak dira, baina ez dute denetan parte hartu. Horregaitik geratu naiz ni aurretik. Iaz berdina gertatu zen. 

Txapelaz haratago, gustura geratu zara zure errendimenduagaz?
Orokorrean, bai. Akaso, Amasakoan ez nintzen gustura sentitu. Sentsazio txarragaz amaitu nuen, baina beste denetan ondo sentitu naiz, batez ere Kanpezukoan. Horixe izan da irabazi dudan bakarra. Gainera, ni baino maila hobea duen Maiteren [Urteaga] aurretik geratu nintzen. Korrika ni baino askoz gehiago da, eta normalean bizikletan ere bai, baina ibilbide teknikoa zen eta hobeto moldatu nintzen. Nik aurretik amaitzea denentzat sorpresa izan zen. Korrikako lehenengo tartean nire aurretik zihoan, logikoki. Bizikletako lehenengo itzulia amaitzean bera ikustea espero zuten denek, eta neu agertu nintzen lehenengo. Nire gurasoak harrituta geratu ziren: "Pasatu zarenean inguruan galdetu dugu, ea lehenengoa gu konturatu barik pasatu den!", esan zidaten (barreak). Neu ere harritu nintzen bizikletan lehenengo jarri nintzenean. Asko motibatu ninduen eta irabazi nezakeela pentsatu nuen. 

Aurten iaz baino lehia gogorragoa egon da emakumeetan?
Parte hartze handiagoa egon da. Oso onak diren bi hasi dira: Maddi [Olaetxea] eta Maite. Ainhoa [Marquinez] ere hor dago. Beti orporik orpo izan dut Ainhoa. Korrika ni baino gehiago da, eta bizikletan neu nabil apur bat hobeto. Elkar estutzen ibili gara.

Beraz, urterik urtera gatxagoa da irabaztea.
Bai, baina askoz politagoa da. Aurreko urteetan txapeldun geratu ziren neskek diferentzia handiak markatu zituzten. Argi zuten inork ez zituela harrapatuko. Ez zegoen emoziorik.

Zirkuituko lasterketa bat Durangon izan da. Zelako lasterketa iruditzen zaizu?
Teknikoki errazena iruditzen zait. Horregaitik, beste proba batzuetan baino jende gehiagok ematen du izena, baita nesketan ere, eta polita da ikusteko. Bestelakoan, teknikoki zailtasun handirik ez izateak momentu guztietan topera joan beharra dakar. 

Hirugarren amaitu zenuen, Enara Oronozen eta Maite Urteagaren atzetik. Zelan gogoratzen duzu lasterketa?
Parte hartzaile batzuk ez nituen ezagutzen. Maite bera ez nuen ezagutzen. Berriak ziren, eta zalantzak nituen: zelako maila ote dute? Ni non ibiliko naiz? Horrelako kontuak. Helmugan, Maite Enararengandik 20 bat segundora bakarrik sartu zela esan zidatenean sorpresa hartu nuen! Sekulako maila duela jabetu nintzen. Niri zortzi bat minutuko aldea kendu zidan. Bigarren lasterketa Kanpezukoa izan zen. Horregaitik uste zuten denek, nik barne, nire aurretik amaituko zuela. 

Datorren urtean ere parte hartuko duzu?
Printzipioz, bai. Ez dut uste irabaztea lortuko dudanik. Maddiri eta Maiteri gustatu zaie eta datorren urtean ere parte hartuko dutela uste dut. Erregularrak badira, nire aurretik ibiliko dira. Dena dela, ni ahaleginduko naiz. Ea korrika gehiago egiten hasten naizen eta maila hobea erakusten dudan.

Korrika hobetzeko ahalegin berezia egingo duzu?
Beti ahalegintzen naiz, baina apur bat alperra naiz korrika egiteko. Bizikleta errazago hartzen dut, gehiago gustatzen zait. 

Zelan duzu egutegia?
BTT probak otsailean hasten dira eta batzuetan parte hartuko dut. Bi-hiru eguneko probak gustatzen zaizkit: asteburu-pasa zoaz, giro polita dago… 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!