Pinturaren BMW Saria Espainiako lehiaketa entzutetsuenetakoa bilakatu da. Duela ia 40 urte sortu zenetik, 27.000 artista baino gehiagok parte hartu dute bertan. Aurten bakarrik, 1.700 artista baino gehiagok parte hartu dute. 'All monsters are human II' pieza hainbat lanek osatzen dute, eta onberatasunaren eta basakeriaren arteko loturan sakontzeagatik saritu dute artista mallabiarra. "Elementuen arteko tentsioak berehalako inpaktu bisuala eragiten du, aurretik ezarritako kategorizazioa desafiatuz", azpimarratu dute epaimahaikideek. 25.000 euroko diru-saria jasoko du artista mallabiarrak.
Arte Digitalaren mailan Serafin Alvarez Prietoren Spell lanak irabazi du. Epaimahaikideetako bat Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria izan da. "Nazioarteko erreferente gisa egonkortu da Pinturaren BMW Saria, eta horren adierazle da aurten 39 herrialde desberdinetako artistek parte hartu dutela. Sari hau arte garaikidearen erakusleiho globala da, gure mugetatik haratago doana. Gero eta artista gehiagok ulertzen dituzte saria hauek euren lanak mundu osoari erakusteko plataforma bezala", azaldu du Manuel Terroba BMW taldearen Espainiako, eta Portugalgo presidenteak Madrilgo Teatro Realen egindako ekitaldian.