"Elegante Eguna, prendarik onenak ateratzeko eguna"

Maialen Zuazubiskar 2024ko urr. 22a, 12:25

Ezkerretik hasita, Maren Da Costa, Iare Landa eta Miren Asumendi.

Armairuko arroparik dotoreenak atera eta kalera irteteko eguna izango da urriaren 25a Mallabian. Herriko Gazte Asanbladako kideek urte luzez galduta egon den Elegante Eguna berreskuratzea pentsatu dute, Urriko Jaien barruan. Herritarrei eta Mallabira bertaratzen direnei kalera "dotore-dotore jantzita" irteteko deia egin diete.

Elegante Eguna berreskuratzea erabaki duzue. Zer dela eta?
Miren Asumendi: Haurrak ginenean, Elegante Eguna egiten zen herrian. Eta, azken urtean, Mallabiko Gazte Asanblada eta herriko beste elkarte batzuk egun hori antolatzen hasi gara, herria berpizte aldera. Urriko Jaiak egun horretarako aproposak izan zitezkeela pentsatu genuen, guk geuk ere bizi ahal izateko.

Lehenengoz parte hartuko duzue Elegante Egunean?
Iare Landa: Azkenengoz 2017-2018 bueltan ospatu zen. Orduan haurrak ginen eta, egia esanda, ez daukagu jai horren oroitzapen handirik.
M.A.: Nik badut akorduan, eta argazkiren batzuk ere ikusi izan ditut, baina behin ere ez dut egun hau ospatu.

Dagoeneko iragarri duzue jaia berreskuratuko duzuela. Zelan erantzun du jendeak herrian?
I.L.: Oraingoz oso erantzun ona izan duela esango nuke, jendea pozik dago. Gaia zeresana ematen dabilela esango nuke.
Maren Da Costa: Jendea gogotsu dago jantziak armairutik atera eta berriro elegante janzteko. 
M.A.: Eta gure adin tarte bueltakoak ere desiratzen daude horrela janzteko lehenengoz.

Zuek gogotsu zaudete?
M.A.: Bai, baina guk erantzukizun apur bat ere badugu. Izan ere, geu gabiltza antolatzen, eta dena pasatu arte ez dugu arnasa lasai hartuko. Baina, tira, azkenengo edizioa antolatu zutenekin hartu-emanetan gaude eta asko laguntzen dabiltza.  

Urriaren 25ean Mallabira doanak zer aurkituko du bertan?
M.D.: Elegante Eguna Urriko Jaietako lehenengo egunean izango da. Beraz, txupinazoa eta elektrotxaranga egongo dira lehenengo. Gero, 20:30ean, denok dotore jantzita argazki bat aterako dugu. Eta, gauerdian, 2024ko Miss eta Mister Mallabia nortzuk diren iragarriko dugu.
I.L.: Bozketa baten bitartez egingo dugu hori. Kutxa bi ipiniko ditugu, bata soziedadean eta bestea herrikoan. Botorik gehien jasotzen dutenak izango dira 2024ko Miss eta Mister Mallabia. 
M.A.: Beraz, Elegante Eguna armairuko prendarik onenak atera eta dotore-dotore janzteko eguna izango da. Animatu, denok gonbidatuta zaudete!

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!