Izarok kontzertu berezi bategaz amaituko du Cerodenero diskoa aurkezteko bira. 2025eko maiatzaren 31n izango da emanaldia, Barakaldoko (Bizkaia) BECen. Artista mallabitarrak xehetasun gutxi batzuk baino ez ditu ezagutarazi oraindino. Esate baterako, kontzertu horretan hainbat gonbidatu izango duela; horietariko bi Olatz Salvador eta Baiuca artistak. Izarok urte hasieran hasi zuen bere ibilbideko hirugarren lana den Cerodenero aurkezteko bira, eta hile hauetan, besteak beste, Donostiako Kursaala eta Bilboko Euskalduna jauregia bete ditu.
BECeko kontzerturako sarrerak salgai daude. Izarok hainbat kontzertu emango du udan; barikuan, Zornotzako jaietan abestuko du. Uztailean Jazzaldian ere kantatuko du, eta abuztuan Sonorama jaialdian.