Proiektu honetan herritarrak inplikatzeko helburuarekin, martxan bat parte hartze prozesu bat.Informazio liburuxkak postontzietan banatu dira udalerri osoan. Liburuxka horietan, logotipo berrirako lau proposamenak ezagutzeko eta haien iritzia bozkatzeko aukera dute herritarrek. Hautaketa prozesua, bariku honetan —ekainak 28— amaituko da: herritarrek euren diseinu gogokoena aukeratu eta botoa Kultur Etxean edo Udaletxean eskuragarri dauden hautestontzietan eman dezakete.
"Garrantzitsua da azpimarratzea boto gehien jasotzen dituen diseinua kontuan hartuko bada ere, azken logotipoak jasotako ekarpen eta iradokizunetan oinarritutako aldaketak izan ditzakeela", adierazi dute udaletik, ohar batean. Bozketan parte hartzeko gutxieneko adina 18 urtekoa da.
Kultura-nortasuna, natura eta hurbiltasuna
Mallabiko markaren lau diseinu-proposamenen garapenaren esparruan, komunitatearen kultura-nortasuna, natura eta hurbiltasuna hartu dira erreferentziatzat. Igor Agirrek, Mallabiko alkateak, logotipo berriaren sorreran elementu hauek duten garrantzia azpimarratu du: "Azkar ahazten den mundu batean bizi gara, beraz, funtsezkoa da irudi berri honek bizilagun guzti-guztiak ordezkatzea, hurbiltasuna, berotasuna eta batasuna transmitituz. Horiek funtsezko elementuak dira logotipo berriak arrakasta ez ezik, iraunkortasuna ere izan dezan."
Proposamenak egiterakoan, Mallabiko ingurune naturala gogorarazten duten kolore biziak erabiltzea lehenetsi da, hala nola mendiak, zeruak eta egunsentiak. "Gure banderaren koloreak mantendu nahi izan ditugu, proiektu berri honetan erakargarriagoak eta adierazgarriagoak izan daitezen", azaldu du alkateak.