Hamabi postuk osatuko dute Mallabiko Nekazaritza eta Artisautza Azokaren eskaintza oparoa

Jone Guenetxea 2024ko mai. 31a, 12:00

Mallabiko Kultur Hamabostaldiko ekitaldi izarretariko bat domekan egingo dute: Nekazaritza eta Artisautza Azoka. Antolatzaileek azaldu dutenez, 12 bat postugaz beteko dute frontoian egokituriko espazioa.

Artisauen produktuak, eztia eta Mallabiko ekoizle biren gaztak egongo dira salgai. Lore eskaintza ere egongo da. Izan ere, loreen mintegi batek postua ipiniko du. Azokak 10:00etan zabalduko ditu ateak eta eguerdira arte egongo da zabalik. 13:00etan Gazte Alai dantza taldeak emanaldia egingo du. Arratsaldean Los Tenalpas mariatxiak arituko dira, parkean.

Ekitaldi sorta
Kultur Hamabostaldiak ekainaren 16ra arte iraungo du eta ekitaldi sorta aurreikusi dute egunotarako. Gaur triki-bertso poteoa egingo dute Iker Zubeldia eta Iban Urdangarin bertsolariekin eta Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin, 19:00etan. Bihar Mallabia Cup futbol eta saskibaloi txapelketak jokatuko dituzte eskolan. Briska txapelketa eta herri kirol erakustaldia ere antolatu dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!