Mallabian dena prest 7 Pago mendi lasterketa hartzeko, boluntarioen lan handiari eskerrak

Anboto 2024ko mai. 17a, 12:00

Bihar lehenengoz egingo dute Mallabiko 7 Pago mendi lasterketa. Erronka handia da herri txiki batentzat, baina boluntario talde zabal bati eskerrak dena prest dago estreinaldirako. Guztira, 60 bat lagun buru-belarri lanean ibiliko dira egunean bertan dena behar den moduan irten dadin.

Lasterketak itxaroten zuten baino harrera hobea izan du. 270 korrikalari batuko ditu. Lasterketa laburrerako dortsalak agortu egin dira, 150 lagunek eman dute izena eta.  Proba luzean 120 lagunetik gora lehiatuko dira. Neurri batean, antolatzaileek ezustekoa hartu dute. "Ehun bat korrikalarigaz hastea eta urtetik urtera apurka hazten joatea espero genuen", esan du Xabat Uzuriagak. Harrera onak "poztu" egin ditu, baina "estutu" ere bai. "Logistikak buruhausteak eragin dizkigu. Batez ere, aparkalekuak. Azkenean, udalagaz eta enpresekin berba eginda honakoa egingo dugu: Ermura eta Areitiora bidean errei bat egongo da zabalik trafikorako. Beste erreia kotxeak aparkatzeko izango da. Trafikoa semaforoekin bideratuko dugu", azaldu du Uzuriagak.

Bide eta paisaiak ezagutara
Lasterketa bi daude. 25 kilometrokoa, luzea, 09:30ean hasiko da, eta 16 kilometrokoa, laburra, 10:00etan. Ibilbidea diseinatzea ere erronka bat izan da. Pistak ekiditen eta bidezidorrak garbitzen eta zabaltzen ahalegindu dira, ez korrikalariei begira bakarrik, baita herritarrei begira ere. "Bideak garbitu direnetik jendea euretatik dabilela ikusi dugu. Paseatzeko zirkuitu modukoak sortu dira. Erreka ingurutik jende dezente dabil Mallabiko tontor enblematikoa den Arietsura doan bidean. Bost bat kilometro ditu. Aldats apur bat dago, baina umeekin erraz egiteko ibilbidea da", gaineratu du Uzuriagak. 

Paseatzeko bideak sortzeaz gainera, herriko txoko bereziak ezagutaraztea ere lortu dute. "Jende askok ez zituen ezagutzen", argitu du Uzuriagak. Zazpi pago da horren adibide, lasterketari izena ematen dion ingurua. Gerea auzotik gorantz dauden ur jausietatik gertu dagoen eremuari deitzen diote horrela. Gaur egun, lau-bost pago zahar daude inguru hartan. "Antolatzaileon artean ere pare batek baino ez genuen ezagutzen lekua", onartu du. Gereako ur jausiak dira ibilbideko beste txoko berezi bat. 

Jai-giroa egun osoan
7 Pagoren helburua herrian jai-giroa sortzea ere bada. Horrela, parkean umeen puzgarriak egongo dira, 10:30etik 13:30era, eta 14:00etan Zutik elektrotxarangak herriko kaleetako giroa alaituko du. Jan-edanerako aukera ere egongo da plazan; taloak eta Mañeko gozogintza produktuak egongo dira. Honi guzti honi, Aste Kulturalaren barruan pilotalekuan egingo den gazta eta garagardo dastatzea gehitu behar zaio, 18:00etan hasita.

Ekoizleen erakusleiho
Horrez gainera, herriko ekoizleen erakusleiho izan gura dute. Anoa guneetarako elikagaiak Mallabiko Dendan erosi dituzte eta korrikalariei banatuko zaizkien poltsetan Onandiko gazta eta Estakuako jogurta egongo dira. Orbeako produktuak ere egongo dira. 

Faboritoak
Lasterketa luzeari dagokionez, Irazu Aranburu mallabitarra da irabazteko faborito nagusia mutiletan, eta Andrea Garai gasteiztarra eta Zutoia Odriozola elorriarra emakumeetan. Proba laburrean Garazi Sampedro eta Ermuko Aitor Hernandez ziklo-kroslaria nabarmendu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!