Maitasunak ekarri zintuen Mallabira. Zelan egokitu zara bertara?
Oso ondo egokitu naiz. Egia esan, ohiturak oso desberdinak dira eta hasieran aldaketa izan zen, baina jendea oso atsegina izan da beti nigaz eta oso erraza egin zait Mallabira egokitzea. Herri txikia da eta denok elkar ezagutzen dugu. Gainera, gustatzen zait batera eta bestera ibiltzea, ondo egokitzen naiz leku berrietara. Andaluzian zabalagoak gara, bai, baina euskaldunak behin zabaltzen direnean, bizi osorako lagunak dituzu.
Mallabira heldu eta denbora gutxira hasi zinen euskara ikasten.
Bai. Euskarak asko erakarri nau beti. Asko gustatzen zait duen soinua. Bada, etorri eta denbora gutxira Ermuko AEK-ko euskaltegian hasi nintzen euskara ikasten, zerotik. Lau urte egin nituen, utzi nuen arte. Momentu bat heldun zen sentitu nuena burmuinak ez zuela ez aurrera ez atzera egiten. Hala ere, euskaraz zeozertxo irakurtzen eta telebista euskaraz ikusten jarraitu nuen. Inoiz ere ez dut deskonektatu. Orain hiru urte semea izan nuen eta berriro ere euskara ikasten jarraitzeko beharra sentitu nuen. Euskaltegira bueltatu nintzen eta oso pozik nago. Asko gustatzen zait euskaraz berba egiten entzutea, eta berba egiten dudana baino gehiago ulertzen dut.
Iaztik Berbalagunen ere parte hartzen duzu. Zerk motibatuta?
Euskaraz nahitaez berba egiteko aukera ematen didalako, edo behintzat trebetasuna hartzen joateko aukera ematen didalako. Etxean gaztelaniaz berba egiten dugu. Baina herritarrekin euskaraz berba egiteko gai izan gura nuke. Mallabian askok euskaraz egiten dute, eta, nigaz gaztelaniaz jarduteko ahalegin bat egiten duten moduan, nik ere euskaraz berba egiteko ahalegin hori egin behar dudala uste dut; batzuek esfortzu handia egiten dute, igartzen zaie. Bada, nik ere eurei euren hizkuntzan berba egiteko ahalegin hori egin behar dut.
Zer egiten duzue Berbalagunen?
Barikuetan elkartzen gara; ordu edo ordu eta erdian egoten gara. Zeozer hartzeko geratzen gara eta gure egunerokoaz berba egiten dugu, euskaraz. Egunaren arabera, bost-sei lagun batzen gara, askotariko adinekoak. Eta oker esandakoak zuzentzen ditugu. Horixe da ikasteko modu bakarra! Irteerak ere antolatuko dira laster. Gainera, tokiko euskara ikasteko aukera ere badugu.
Oso lagungarria da?
Ezinbestekoa da. Euskaraz berba egitera animatu ezean ez dago zereginik. Gaztelaniaz berba eginez gero, denek ulertuko dizute, baina hemen egonda zer gutxiago euskaraz berba egitea baino! Niri asko gustatzen zait berba egitea, eta denekin gainera. Euskaraz egin behar badut, bada, euskaraz arituko naiz. Horretarako aukera ematen dit Berbalagunek.
Animatuko zenuke jendea?
Jakina! Oso ondo pasatuko dute eta jende berria ezagutu. Hizkuntza bat ikasteak ez du kalterik. Bertakoa, gainera!
Korrikaren lekukoa ere eraman duzu aurten. Zelako esperientzia izan zen?
Oso garrantzitsua izan da. Aukera eskaini zidatenean, asko emozionatu nintzen.