Urtero legez, Durangaldeko herririk gehienetako txistulariak ez ezik eskualdetik kanpokoak ere batuko ditu ekimenak: Bilbokoak, Gasteizkoak, Bermeokoak eta beste herri batzuetakoak. Denek elkarregaz kalejiran irtengo dute, 09:30ean. Kalerik kale entzungo diren doinu guztiak ez dira ezagunak izango. Euretariko bat lehenengoz plazaratuko dute: Aurrera Jaizaleak biribilketa. Urte askoan Gasteizko danborradaren gidaria izan den Jose Maria Bastida 'Txapi'-k Jaizalerentzat egun honen harira eginiko konposizioa da. Aurten, Bastidaren beste konposizio berri bat ere estreinatu dute eskualdean: Kriskitinen Surrandien Konpartsaren 25. urteurrena ospatzeko Surrandien Dantzako musika.
Kontzertua elizan
Kalejira goizeko lehenengo osagaia izango da, baina ez bakarra. Kalerik kale ibili ostean, txistulariak Mallabiko Andra Mari elizan batuko dira, 12:00etan, eta kontzertua emango dute. Metal talde baten eta dultzaineroen laguntza ere izango dute. Eta Mallabiko koruak abestu egingo du. Denen elkarlanari eskerrak, hainbat pieza joko dute, bertaratzen direnen gozagarri. Ondoren, ohitura duten legez, txistulariek Erregelak dantzatuko dituzte. Goiza behar den moduan amaitzeko, denek elkarregaz bazkalduko dute.