Lurrezko hormak ditu, zorua umel-umela da, eta harriekin, egurragaz eta belarragaz dekoratu dute. Bertara lekualdatzen denak baldintza egokiak aurkituko ditu ugalketarako, eta horixe da, hain zuzen ere, helburu nagusia.
"Egitasmo egokia iruditu zitzaigun natura ezagutzeko eta ikasleen artean naturagazko errespetua eta halako balioak sustatzeko, eta aurrera eramatea erabaki genuen", adierazi du institutuko natur zientzietako irakasle Ioritz Gisasolak. 15etik 18 urtera arteko 40 bat ikaslek parte hartu dute proiektuan.
Mallabiko errekaren ondoan dago putzua, Palazio izeneko eraikinetik gertu. Kautxozko tela bat ipini dute lurpean, euri urekin putzua sortu dadin. Datozen aste eta hileetan gertutik zainduko dute putzuaren garapena. Ugalketarako zein anfibiok, narrastik eta intsektuk erabiltzen duten jakin gura dute. Anfibioetan baso igel gorriak erabiltzea espero dute, besteak beste; narrastietan suge espezieren batek, eta intsektuetan sorgin-orratzek eta burruntziak, batez ere.