Hainbat inbertsio energia berriztagarrien ingurukoak dira, trantsizio energetikoan aurrera egiteko. Esaterako, 2024ko inbertsio nagusia ildo horretatik doa. 121.000 eurogaz, Mallabiko eskolako berokuntza eta hozte sistema aldatuko dute: gasoil bidezkoa kendu eta aerotermia erako sistema berria ipiniko dute. Aerotermia inguruneko airean bero modura biltegiratzen den energia da, espazio bat berotzeko edo hozteko atera daitekeena. Energia berriztagarrien arloan egingo duten beste inbertsio bat Intxaurtin eta Ansoagan argiztapena hobetzea da. 30.000 euro erabiliko dituzte zeregin horretan.
Inbertsioetako beste helburu bat natura-ondarea babestea eta berreskuratzea da. Ildo horretatik, informazio panelak ipintzen jarraituko dute, 9.000 eurogaz. Osmako perratokia eta bide osasungarri berriak ere berreskuratuko dituzte, 18.500 eta 10.000 eurogaz, hurrenez hurren.
Bestalde, aurrekontuan 60.000 euro aurreikusi dituzte Intxaurtiko urbanizazioa egiteko eta Zubitegiko barandak ipintzeko.