Zelan joan dira orain arteko kanporaketak?
Leire Uribelarrea: Oso ondo. Lehenengoan Unai Izagirre eta Aissa Intxausti sailkatu ziren. Bigarren saioa parekatuagoa izan zen, eta Gorka Pagonabarraga eta Ibai Amillategi sailkatu ziren. Beraz, finala lau horien artekoa izango da.
Eider Gallastegi: Bigarren saiora jende gehiago batu zen eta pozik gaude horregaitik.
Aiala Amesti: Aurtengoa txapelketaren bosgarren aldia da. COVID sasoian parentesi bat egon zen eta orain berreskuratu egin dugu. Hutsune hori igarri egin da, egia esanda. Hasierako aldietan indar gehiago zuen. Apurka-apurka orduko harrera berreskuratzea dugu helburu.
Txapelketako berezitasun bat da ikus-entzuleek osatzen dutela epaimahaia.
E.G.: Bai. Epaimahaikoak ikus-entzuleak direnez, bertsoak adiago entzuten dituztela diote: errimak, hankaluzeak, hankamotzak…
Zaparrada elkartekoek antolatu duzue ekimena. Zelan biziberritu duzue elkartea?
L.U.: Herrian bizitasunik ez zegoela ikusten genuen, zeozer falta zela. Herritar talde bat animatu ginen eta elkartea berriro martxan ipintzen gabiltza. Sei lagun batzen gara beti, baina, gero, laguntzeko prest dagoen jende asko dugu inguruan.
Zeintzuk beste ekimen antolatu dituzue?
E.G.: Zaparrada aurtengo Urriko Jaietan hasi da berriro martxan. Txosna ipini genuen plazan, eta berriro zabaldu genuen soziedadea. Soziedadeak beti izan du indarra jaietan, eta azkenaldian galtzen zebilen. Hori berreskuratu gura genuen. Oso ondo joan zen, baina kasu honetan ere igarri zen urte batzuetan ez dela soziedadea zabaldu.
L.U.: Urriko Jaien ondoren, Gaba Baltza etorri zen. Herri ekimenetik sortua, geuk ere parte hartu genuen. Photocall bat muntatu genuen.
A.A.: Hurrengo ekimena Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera da. Guraso elkarteagaz batera, goizean kalejira bat egingo dugu. Ondoren, ohiko ekimenari aldaketatxo bat egingo diogu. Umeek gutunak emango dizkiete Olentzerori eta Mari Domingiri, baina egunean bertan ez dute oparirik jasoko.
L.U.: Aurrera begira, ekimenak sarriago antolatzea da asmoa.