Mallabiko Udalak bilerak egingo ditu auzoekin aurrekontuetan hobekuntza proiektuak sartzeko

Anboto 2023ko aza. 9a, 09:15

Bilerak azaroaren 14tik 20ra egingo dira.

Datorren asteko martitzenetik aurrera, Mallabiko gobernu-taldea auzoetako bilerekin hasiko da. Bilera horien bidez, auzoen egungo egoerari buruzko informazioa partekatuko da, eta auzoetako bakoitza hobetzeko egin daitezkeen proiektuei buruz ere ariko dira.

Horrela, Goita, Gerea, Arandoño, Beranonagusia, Beranotxikia, Areitio, Aitx, Osma, Zengotita eta Hiriguneko auzoetako bizilagunek beren kezkak eta iradokizunak helarazteko aukera izango dute. Bilera bakoitzean, lehenik, 2023ko balorazioa egingo da; gero, 2024rako dagoen aurrekontua azalduko da, eta auzotarren ekarpenak jasoko dira, udalak ohar batean informatu duenez.

Igor Agirre alkateak azpimarratu duenez, "asmoa da auzo bakoitzaren egoera hobetzeko balioko duten ideiak eta iradokizunak partekatzea, eta datorren urteko aurrekontuetan Mallabia hobetzen lagunduko diguten proiektuak sartu ahal izatea. Horrela egin dugu azken zortzi urteetan, eta emaitzak onak izan dira".

Bilera denak 19:00etan hasiko dira. Hauek dira batzarren datak:

  • Azaroak 14: Goita-Gerea auzoa, Zumarra Elkartean.
  • Azaroak 15: Arandoño-Beranonagusia-Beranotxikia, Miketegi Elkartean
    (Artixe).
  • Azaroak 16: Areitio-Aitxu-Osma-Zengotita, Kontzejuzarran.
  • Azaroak 20: Hirigunea, Kontzejuzarran.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!