Aldundiak 3,9 milioi euro inbertituko ditu Mallabiko Goitondo industrigunerako eta auzoetarako sarbideak hobetzen

Anboto 2023ko aza. 3a, 14:57
Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatua, Pilar Trueba obrako zuzendaria eta Igor Agirre Mallabiko alkatea gaur udaletxean eskainitako prentsaurrekoan.

Proiektua azaroan lizitatuko dute. Lanak 2024ko udaberrian hasiko dituzte eta 14 hilabeteko egikaritze-epea izango dute.

Bizkaiko Aldundiak 3,9 milioi euroko inbertsioa egingo du Areitiotik Ermura doan BI-2301 errepideko tarte bat hobetzen. Zehazki, Goitondo industrigunerako eta Berano nahiz Arandoño auzoetarako sarreretan zentratuko dira lanak. Errepideko 600 bat metrori eragingo diote. Proiektua atzo onartu zuten Aldundiko gobernu-kontseiluan eta azaro amaieran lizitatuko dute. Lanak 2024ko udaberrian hastea aurreikusten dute, 14 hilabeteko egikaritze-epearekin.

Egitasmoaren helburua tarte horretako segurtasuna hobetzea da. Izan ere, astegunetan, egun bakoitzeko 4.800 ibilgailu igarotzen dira bertatik. Euretako 800 inguru kamioiak dira, zenbateko osoaren %16,8, hain zuzen. Portzentaia "altua" da Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuaren esanetan.

Egingo diren lanak

Industrigunerako eta auzo bietarako sarrera-irteerak seguruago egiteko errei zentralak sortuko dituzte: itxarote-erreiak eta azelerazio erreiak. Horrez gainera, errepide zati bati malda kenduko diote ikuspena hobetzeko eta ostalaritza-establezimenduetarako sarbideak birkokatuko dituzte.

Inguru horretako autobus geltokia hobetu eta zebrabide bat egingo dute. Zebrabideak argiztapen berezia izango du errazago ikusi dadin. Horrekin batera, errepidea bera, argiztapen orokorra eta drainatze sistemak hobetuko dituzte.

Igor Agirre alkateak adierazi du udala aspalditik zebilela errepiderako hobekuntzen bila, eremu horretan istripuak egon direlako eta sarrera-irteerak arriskutsuak zirelako. Lanek segurtasuna hobetzen lagunduko dutela uste du eta onurak ekarriko dizkiola industrigunearen garapeneri. "Mallabiarentzat, auzoentzat eta herriko industriarentzat proiektu garrantzitsua da", adierazi du.

Egingo diren lanak erakusten dituen mapa.

Gaur egun honela dago sarbidea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!