Mallabirako bidegorriagaz eta Areitio gaineko biribilguneagaz, aurrera doaz Eibar Kirol Hiria amaitzeko lanak

Anboto 2023ko urr. 25a, 14:03
Eibar futbol klubeko presidente Amaia Gorostiza eta Mallabiko alkate Igor Agirre Kirol Hiriko obretan.

Asteon hasi dira biribilgunea egiten.

Apurka aurrera doaz Areitio gainean Eibar futbol klubaren Kirol Hiria egiteko lanak. Irailean hasi ziren Mallabiko Udalaren eta Eibar Kirol Elkartearen akordioan jasotako bidegorria eraikitzeko lanak, Mallabiko herrigunea eta Areitio auzoa lotuko dituena. Eta aste honetan bertan hasi dira, Areitio gaineko N-634 errepidean biribilgunea egiteko lanak. Horri esker, biribilgunera errepide nagusitik sartu ahal izango da.

Mallabiko Udalak Kirol Hiria urbanizatzeko obra-lizentzia eman du, 1., 2. eta 3. zelaien tribuna eraikitzeaz gainera, ohar batean azaldu duenez. Espazio horretan, halaber, aldagelak, gimnasioa, bulegoak eta eskatutako beste zerbitzu batzuk egongo dira. "Beraz, datozen asteetan, Eibar Kirol Elkarteak Mallabian dituen kirol-instalazio berriak etorkizunean martxan egon ahal izateko geratzen diren obra guztietan lanean ariko dira", adierazi dute.

Obrek trafikoan duten eragina

Kirol-instalaziorako sarbideetan egiten ari diren lanek trafikoari eragin diezaiokete, seinale bertikalak, horizontalak eta balizak egingo baitira N-634 errepideko hainbat zatitan. Lan horiek errepideetako "ohiko zirkulazioari eragin gabe" egiten saiatuko direla azaldu dute. Hala ere, zirkulazioari eragin behar izanez gero, errei-mozketak egingo dira "unean-unean edo hiru minututik beherako mikrokorteekin". Mozketek honako lan-ordutegian egingo direla informatu dute: astegunetan, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 18:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, edozein ordutegitan egin ahal izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!