Eskolan hasiko dute zapatua dantza, bertso, argazki erakusketa eta bestelakoekin. Eguerdian herrira zabalduko dute jaia. Trikitilariekin kalejiran joango dira parkera eta eskolako ikasle ohiek sortutako abesti berria aurkezteko dute. Abestiagaz batera bideoklip bat ere egin dute. Eskolako komunitate osoa gonbidatuta egon da grabazioetara. Horren ostean bazkaritara batuko dira Mallabia I pilotalekuan eta bazkalostean askotariko ekimenak egongo dira. Eguna Xaiborren kontzertuarekin amaituko dute, berriro parkean.
Baina ekimen denak ez dira egun horretara mugatuko. Astean zehar solasaldi bat egingo dute eskolan: gaur eguneko ikasleek iraganeko kontuei buruz gehiago jakiteko aukera izango dute ikasle eta irakasle ohien ahotik. Egunotan eskolaren urteurrena gogoratuko duen horma irudi bat margotzen ere badabiltza.
Horrez gainera, komunitatetik sustatutako lehiaketa baten bidez eskolaren logotipo aukeratu dute eta horixe erabiliko dute aurrerantzean.
Learreta-Markina eskolako izenaren jatorrian dagoena
Bat baino gehiago konturatuko zen Mallabiko eta Berrizko eskola banak izen bera dutela: Learreta-Markina. Nicolas Learreta eta Josefina Markina senar-emazteei zor zaie izen hori. Markina Mallabiko Ametzaga jauregian jaio zen, 1889an. Nicolas Learreta Arrietakoa zen. 1928an ezkondu ziren. Estibalitz Gonzalezen ikerketaren arabera, ondasun askoren jabe eta oinordeko zuzenik barik, lursail bana eman zieten Mallabiko eta Berrizko udalei 70eko hamarkadaren hasieran, dohaintzan, hezkuntza eta kirol erabilpena emateko baldintzagaz. Lur horietan eraiki zituzten eskolak, eta biei Learreta-Markina izena ipintzea esker oneko keinu bat izan zen orduko udalen partetik. Mallabiko Learreta-Markina eskolak 1973an zabaldu zituen ateak. Aldi berean, Goita, Gerea eta Beranoko auzo eskolek zein herrigunean zegoenak urteetako ibilbideari amaiera eman zioten orduan. "Eskola berria zapaldu zuten lehenengo ikasleek gaztelania hutsean ikasten zuten. Euskara ikasgai bat zen. 1983an D eredua ezarri, eta ikasleak gela bitan banatzen hasi ziren: euskarazkoak eta gaztelaniazkoak. 1979an jaiotakoetatik hona denak izan dira euskarazko taldeak", kontatu du urteurrenaren harira eskolaren historiari buruz dokumentatu den Igone Amestik. Horregaz batera, "eskola berriagaz sexu segregazioa amaitu zen: herriko neska-mutilak gelakide izatera pasatu ziren". 50 urtean 655 bat ikasle pasatu dira eskolatik. Talderik kopurutsuena 1973koa izan zen, 25 ikaslegaz. Talderik txikienak 1983koa, 1988koa eta 1993koa izan ziren, launa ikaslegaz. |
EGITARAUA - • 19:00 Bertsio kontzertua. Parkean URRIAK 21 • 11:00 Dantza, bertsoak, argazki erakusketa… Eskolan. • 13:00 Kalejira trikitalariekin parkera. Eskolako abestiaren aurkezpena. • 15:00 Bazkaria, herriko frontoian • 19:00 DJ Xaibor parkean. |