"Aro berri bat. Bueltan naiz" esanda iragarri ditu Izaro Andres musikari mallabitarrak disko berria eta bira berria. Abenduaren 8an kaleratuko du Cerodenero disko berria; artistaren esanetan, lan berria kontzeptuala izango da, eta pop, folk eta elektronika ukituak edukiko ditu, besteak beste. Aurretik, Om (2016), Eason (2018) eta Limones en invierno (2020) lan arrakastatsuak kaleratu ditu mallabitarrak. Arrakasta horren erakusle, mallabitarrak 6.000 lagun baino gehiago batu zituen Donostiako Belodromoan iazko maiatzean eman zuen kontzertuan.
Musikariak 2024ko hasieran ekingo dio aurkezpen birari. Urtarrilaren 2an Bilboko Euskaldunan emango du kontzertua, eta 3an eta 4an emanaldi bikoitza egingo du Donostiako Kursaalean. Ondoren, Bartzelonan, Iruñean, Gasteizen eta Sevillan emango ditu kontzertuak. Lehenengo hiru kontzertuetarako sarrerak salgai daude jada.