"Daramadan urtearen ondoren, ilusioa egiten dit txupina botatzeak"

Anboto 2023ko abu. 11a, 10:20

Aitor Elordi pilotariak botako du Andra Mari jaietako txupina. Partiduz jositako udan, mallabitarren aurrean jokatzeko aukera ere izango du, txupina bota osteko pilotari profesionalen jaialdian.

Lehenago ere egonda zaude udaletxeko balkoian.
Bai. Oker ez banabil, orain dela zazpi urte ere bota nuen txupina, pilotari profesional lez egin nuen debuteko urtean. Daramadan urtearen ondoren, ilusio handia egiten dit txupina botatzeak.

Sanferminetan Labrit pilotalekuko zaleak kantuan hasi zitzaizkizun.
Ikaragarria izan zen. Ez nuen inondik ere espero eta une horrek barruak irauli zizkidan. Iaz Zabaletari abestu zioten, baina ez zitzaidan okurritu ere egin nigaz berdin jokatuko zutenik. Partidua irabazi ostean Labrit osoa horrela ikusita, oilo-ipurdia ere ipini zitzaidan. Gainera, denok dakigu zelan egoten den Labrit sanferminetan, goraino beterik.

Ibilbide profesionalean burugogorra izateari aitortza lez ere hartzen dituzu txupinarena eta Labritekoa?
Momentu gatxetan burugogorra izateak eraman nau gaur egun bizitzen nabilen egoerara. Emaitzek laguntzen dutenean berdin lan eginez, eta lan eginda emaitzak ailegatzen ez baziren ere, lanean jarraituz.

Jubiletxera etorri gara elkarrizketa egitera, eta bidean herritar guztiak agurtu dituzu. Zelan bizi dituzu horrelako momentuak?
Gustura bizi ditut. Egunerokoan ez dut herritar guztiekin egoteko astirik. Buruz burukoa jokatu nuenetik ez dut izan, adibidez, Jubiletxera etortzeko aukerarik. Normala da ordutik ikusi ez nauen jendeagaz partiduak gogoratzea, eta momentu politak dira horiek.

Zer dira andramariak zuretzat?
Herriko jairik garrantzitsuenak dira. Urriko jaiak ere baditugu, baina beharbada gazteei begira egiten diren jaiak dira horiek. Abuztuan denok parte hartzen dugu, zahar, gazte eta heldu. Denontzat dira bereziak.

Izaten duzu festarako aukerarik?
Udan ez dut izaten nire lagunek izaten duten aukera berdina parranda egiteko. Esaterako, uztailaren 21etik 31ra zazpi partidu ditut programatuta. Baina azken urteetan ahalegindu gara andramarietan giroa ipintzen eta urriko jaietan egoten den gazte giroa abuztura ekartzen.

Zer duzu gustukoen jaietan?
Paella eguna azpimarratuko nuke. Kuadrillan batzeaz gainera, nagusiagoekin batzeko eta elkarregaz bazkaltzeko aukera polita da.

Badakizu balkoian zer esan?
Momentuan etortzen zaidana esango dut eta kito. Gainera, 19:00etan da txupinazoa, eta segituan jaitsi beharko naiz frontoira, partidurako takoak ipintzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!