Mallabiko Nekazaritza eta Artisautza Azokak askotariko hamaika postu batuko ditu domekan

Anboto 2023ko eka. 2a, 11:00
Artxiboko irudia.

Mallabian ekitaldiz beteriko asteburua dator. Domekan, esaterako, Nekazaritza eta Artisautza Azoka eta Aitor Elordiren pilotako finala direla eta, goizetik gauera ez da jai girorik faltako kalean.

Nekazaritza eta Artisautza Azokak 10:00etan zabalduko ditu ateak. Aurten hamaika postu ipiniko dituzte Mallabiko pilotalekuan. Lau postu mallabitarrenak dira: gazten postu bi —behi-gaztarena bata, ardi-gaztarena bestea— eta ortuarien eta gozogintzaren postu bana. Durangaldetik, Abadiñoko eta Elorrioko stand bana egongo da; xaboiekin eta argizari-produktuekin lehenengoa, eta belarritako, eraztun eta antzerako produktuekin bigarrena. Ondarroa, Tolosa, Mendabia eta Euskal Herriko beste hainbat txokotatik etorriko postuek osatuko dute azoka.13:00etan, Gazte Alai dantza taldekoek saioa egingo dute pilotalekuan. Bestalde, arratsaldean, pantaila erraldoi bat ipiniko dute pilotalekuan, Aitor Elordiren buruz buruko finala ikusteko. Gauean harrera egingo diote pilotari mallabitarrari. 

Abesbatzen kontzertua
Zapatuan ere badago zegaz gozatu. Mendibil abesbatzak eta Zornotzako Dizdira ahots taldeak Udaberriko kontzertua emango dute, 20:00etan, elizan. Pilotako Bizkaia Torneoko partidu profesional bat ere bazegoen aurreikusita zapaturako, baina azkenean jaialdi hori ekainaren 16an izango da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!