10:00etan ipini dute ordua, udaletxe aurrean, petril izeneko aparkalekuan. Lehenengo, frontoiaren atzeko aldean dauden udal ortuak bisitatuko dituzte, eta hango dinamika eta funtzionamendua ikusiko dituzte.
Ondoren, kotxea hartu eta Trabakura joango dira, hantxe hasiko delako ekimenaren bigarren zatia. Oinez, Gerea auzotik zehar, Longa Nagusia landetxera joango dira eta baserri haren eta han bizi izan ziren hainbat lagunen historia ezagutzeko aukera emango dute. Gaian aditua den Eneritz Aranburuk emango ditu azalpenak. Baserri hartan hazitako pertsonaiarik esanguratsuena Francisco Tomas Antxia Longa da (1783-1831). Independentziako Gerra lez ezagutzen den gatazkan Napoleonen eta haren indarren kontra egindako erasoaldiengaitik egin zen ezagun. Hasieran, ehun bat laguneko gerrilla baten buru zela, Napoleonen konboiei enboskadak prestatzen zizkieten Bizkai, Gipuzkoa, Araba nahiz Burgos inguruan. Apurka, bere indarrak handitzen joan zen, benetako unitate militar bat bihurtu arte. 1813an, Gasteizko gudu ezagunean parte hartu zuen, Wellington dukearen aginduetara. Ondoren, beste gudu batzuetan ere aritu zen. Bere lorpenengaitik jeneral izendatu zuten.