Mallabiko Udalak aerotermia bidezko berokuntza eta hozte-sistema berria ipini du eskolako gimnasioan, berokuntza sistema "eraginkor eta iraunkor bat" emateko helburuagaz, udaleko iturriek adierazi dutenez. Aerotermia inguruneko airean bero moduan biltegiratzen den energia da, espazio bat berotzeko edo hozteko atera daitekeena. Sistema honegaz kontsumoa eta CO2 emisioak murriztuko direla adierazi dute udaletik: "Gainera, energia iturri agortezina erabiltzen du, airearen ingurumen energiaren %77 ere doan ateratzen duen teknologia garbia delako". Eraginkortasun handiko etiketa energetikoa duen instalazioa ipintzeko, 23.070 euroko inbertsioa egin dute. Zati bat Eusko Jaurlaritzako diru laguntza bidez finantzatu dute. Hain zuzen ere, Udalgintza 2022 programatik 13.842 euro jaso dituzte.